EAJk eta Orain Debak osatutako udal gobernu taldeko kideek 2023-2027 agintaldirako osatu duten Gobernu Plana aurkeztu dute. Datozen urteetan garatu nahi dituzten 43 ekintzaz eta proiektu estrategikoz dago osatuta astelehenean (maiatzak 20) aurkeztutako txostena eta, azaldu dutenez, udal gobernu taldea osatzen duten bi alderdien hauteskunde programetan jasotakoa uztartuta eta bateratuta landu dute, "debarren beharrak aintzat hartuta eta betiere herriaren eta herritarren onura eta etorkizuna bermatzea ardatz eta oinarri hartuta".
Alazne Txurruka alkateak azpimarratu duenez, "etorkizuneko promesa edo hitzematea da" publiko egin berri duten dokumentua, "modu ordenatuan lan egiteko eta egungo beharrei zein etorkizuneko erronkei modu egoki zein eraginkorrean erantzuten lagunduko duen bide-orria” izango da.
Sei ardatzetan
Udal gobernuak datozen urteetarako hartu dituen konpromiso eta proiektuak, zehazki, sei ardatzetan banatu dituzte, honakoetan: Udalerria denontzat; Aukerak eskaintzen dituen herria; Irisgarria, jasangarria eta segurua; Auzoak; Kultura eta gure nortasuna eta Udal hurbila eta arduratsua. “Ekintza eta proiektu horiekin guztiekin gure helburua da Deba bizitzeko udalerririk onena izatea, eta etengabe egingo dugu lan, gogoz, ilusioz eta erantzukizunez, emandako hitza bete eta hori errealitate bilaka dadin”, gaineratu du alkateak.
Sei ardatz horiei buruzko zenbait xehetasun ere eman dituzte. Udalerria pertsonentzat deituriko ardatzaren helburua "debar orori egokitutako herria eraikitzea" dela esan dute, "debar guztien beharrak aintzat hartu eta horiei erantzuna emango dien herria eraikitzea, alegia". Ardatz horretan, ekintza eta proiektu zehatzak bildu dituzte, hala nola, Zaintza Ekosistema deritzona, adinekoentzako arreta-baliabideak hobetzeko, edota zahartze aktiboa sustatzeko eta Deba berdinzaleagoa bilakatzeko estrategiak.
Hirigunean inguratzen duten auzoei ere "arreta berezia" eskainiko zaiela esan dute.
Aukerak eskaintzen dituen herria deritzon ardatz estrategikoaren baitan, berriz, tokiko ehun ekonomikoa indartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko ekimenak jaso dituzte. Ardatz horren barruan, honakoak nabarmendu dituzte: tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko Plana, Itziar-Debako enpresa parkearen elkarlana edota turismoa sustatzea, "Deba berriro dagokion lekuan kokatu eta turismoan erreferente bilakatzeko".
Gobernu Planaren lerro garrantzitsuenen artean, bestalde, udalerri "irisgarriago, jasangarriago eta seguruago" bat eraikitzea ere proposatu dute. Debako Irisgarritasun Plana, argiteria publikoaren hobekuntza eta tokiko energia-komunitateen sorrera jasotzen ditu, besteak beste. Ardatz horren barruan, gainera, Gudari Plaza oinezkoentzat jartzea eta pasealeku estalia eraldatzea ere aurreikusi dituzte; iragarri dutenez, bi neurriak 2024aren amaierarako daude aurreikusita.
Hirigunean inguratzen duten auzoei ere "arreta berezia" eskainiko zaiela esan dute. Horren barruan, besteak beste, Itziarko auzo-udalarekin proiektu estrategikoetan lankidetzan aritzea, Itziarko eskola berriaren berrikuntza eta auzoetako jaiak sustatzea eta landa-ingurunearen garapenari laguntzea jaso dituzte.
Neurri sortako ardatzen artean, kulturari eta nortasunari ere garrantzia berezia ematea erabaki dute. Honakoak dira ardatz horretako ekintza eta proiektu nagusiak: adin guztientzako kultura-jarduerak sustatzea, kultur eta kirol-ekipamenduak hobetzea eta euskararen erabilera areagotzea.
Azkenik, "udal hurbila eta arduratsua" izateari ere eman nahi izan diote garrantzia planean. "Debarren ahotsa entzunez eta komunikazio-bideak irekiz, herritarren eta erakundearen arteko distantzia hori hautsi eta hurbiltasuna eskaintzea da ardatz estrategiko honen helburu nagusia". Aurreikusi dituzten neurrien artean, udalaren webgunea modernizatu, administrazio digitala martxan jarri eta aurrekontu parte-hartzaileak sustatu nahi dituzte, "herritarren inplikazioa sustatzeko".
Liburuxka
Agintaldian egiteko asmoa duten proiektu eta ekimen nagusien berri emateko, gainera, liburuxka bat prestatu dute; egunotan banatuko dute etxez etxe, herritar guztiek ezagutu dezaten.
Horren ondotik, alkateak adierazi du udal gobernuak "gogoz" artatuko dituela Gobernu Planari buruz gehiago jakiteko interesa duten herritarrak. Horretarako, aurretiazko hitzordua eskatu beharko dela argitu dute.