Idazle eta irakasle barakaldarrak Donostiako Fermin Kalbeton kaleko Elkarren egoitzan aurkeztu zuen Josefa, neskame lana, eta bertan kontatzen dena bere amonaren istorioa dela zehaztu du. "Haren biografia kontatu dut, berak bizitakoa". Egileak argitu duenez, pertsonaletik asko du kontakizunak, baina azpimarratu duenez, "garaiko emakume askok bizitakoak" jaso du lanean, zeharka bada ere.
Istorio pertsonal horretatik abiatuta, neskametzari buruzko saiakera ondu du egileak eta horrekin batera, ikerketa bidai propioa egiteko ere aprobetxatu duela ere ere kontatu du. "Nire hausnarketa pertsonala haren bizitzarekin alderatu dut".
Erronka "handia"
Lana ontzeak, baina, erronka "handia" suposatu diola aitortu du Melgarrek. Izan ere, bizi zen artean amonak ez zien ezer ere kontatu, eta gaiari buruzko datu ofizialak aurkitzea "bide maldatsua" izan dela azaldu du. Nabarmendu duenez, "ohi baino zailagoa" izaten da emakumeei buruzko dokumentazioa aurkitzea eta, beraz, ahozko testigantzetan ere oinarritu behar izan du saiakera.
Baina, nor zer Josefa Agirre Etxeberria, egilearen amona? 1927an Azpeitiko baserri batean sortu zen eta garai hartako etxe txiroetako neska asko bezala, neskame joan behar izan zuen gaztetxoa zela. 12 urte bete orduko hasi zen lanean eta, geroztik, bizitza osoan zerbitzari aritu zen, han eta hemen. Ingalaterran neskame zela izan zuen alaba eta ama ezkongabe gisa itzuli zen jaioterrira, frankismo bete-betean. Egilearen arabera, "isiltasunera kondenatutako" emakumea izan zen eta argitaratu berri duen Josefa, neskame saiakerari esker, bizimodu bera izan zuten emakumeei hitza ematen ahalegindu da.