Iragarrita zegoen bezala, ostiral (maiatzak 17) arratsaldean abiatu zituzten ekintzak, Zuhatza-Kolore Anitzek haurrentzat antolatutako Buruhandiak sortzen tailerrarekin. Hainbat umek parte hartu zuten Simon Berasaluze Plazan egindako ekintzan eta, hurrengo orduetan, musika izan zen protagonista nagusia. Kalean Kantuzekoek saioa eskaini zuten udaletxeko azpiko arkupeetan eta Debako Musika Bandak eta Banda Gazteak, aldiz, kontzertua eman zuten elizako klaustroan.
Ostiralean hasitako ospakizunek larunbatean (maiatzak 18) izan zuten segida. Debako gaiteroen eta Banda Gaztearen doinuek kaleak alaitzen zituzten bitartean, Pepe Izaga eta Carlos Alcibar Carlos Monte erraldoien miniaturazko erreplikak aurkezteko ekitaldia egiteko aprobetxatu zuten eguerdia. Bi pertsonaia horien senitartekoek ere parte hartu zuten udaletxeko areto nagusian egindako ekitaldian eta guztiek gomazko erraldoien erreplika bat jaso zuten opari.
Arratsaldean, berriz, herri kirolen txanda izan zen. Euskal Herriko lur gaineko sokatira txapelketaren lehen jardunaldiak jende ugari elkartu zuen zumardian. Debako Musika Bandaren kalejirarekin, Farola Sound System DJaren kantuekin eta Akerbeltz taldearen erromeriarekin agurtu zituzten eguneko proposamenak.
Igandean (maiatzak 19), azkenik, oso goiz hasi ziren ekitaldiak; Lizarrako gaita jotzaileak arduratu ziren horretaz. Jarraian, entzierroa eta sokamuturra izan ziren eta San Roke ermitako elizkizunaren ondoren, Gure Kai dantza taldekoek ezpata dantza eskaini zuten ermitaren bueltan. Gure Kaiko kideek, gainera, eguerdian beste saio bat eskaini zuten Foruen Plazan. Arratsaldean, berriz, erraldoi konpartsen desfilea eta alardea ere izan ziren ikusgai. Eguna, Muxutruk taldearen erromeriarekin agurtu zuten.