EDUKI BABESTUA

EGOkITU Udako Campusa (UPV/EHU)… Eibarren ere bai!

Berriketan 2024ko mai. 17a, 15:53

Patxi Alkorta Egiguren , GIE Eibarko koordinatzailea

Patxi Alkorta Egiguren, GIE-Eibarko koordinatzailea (zuzendariordea):

“Ingeniaritzari buruz izan ditzaketen aurreiritziak eta beldurrak gaindituz, ingeniaritza eta energia berriztagarrien onurak modu entretenigarrian deskubritu eta gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dugu”.

Euskal Gazteen Orientaziorako Ikastaroa. Talentoa Unibertsitatean jarduera emango du Udako Euskal Unibertsitateak  (UPV/EHU) Eibarren, eta  interesatuek maiatzaren 24ra arte dute izena emateko epea.  Udako Campusari esker Unibertsitate mundura modu ludikoan hurbildu ahal izango dira gazteak. Patxi Alkorta Egiguren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren zuzendariordea, Eibarko atalaren Koordinatzaileak eman ditu azalpenak. Informazio guztia lotura honetan aurkituko duzue.

  • Iaz hasitako bidetik, aurten ere unibertsitate orientaziorako ikastaro praktikoak eskainiko dituzue udan EGOkITU programaren barruan. Zertan datza?

Udako lehen bi asteetan UPV/EHUko Gipuzkoako Campusak DBH 3ko eta 4ko eta 1. Batxilergoko ikasleentzako unibertsitate orientzaziorako ikastaro praktikoak antolatzen ditu urtero Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Iaz Eibarren ere egin genuen estreinakoz jardunaldi hau, hain zuzen ere Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko atalean (GIE-Eibar). Uztailaren lehen astean izan zen, eta iazko esperientzia ona kontuan hartuta, aurten ere errepikatzeko asmoa dago: Uztailaren 1etik 5era, egingo dugu, goizez, 9:00etatik 14:00etara. Bertan energia berriztagarriak eta  ingeniaritzako hainbat diziplina edo gaiekin erlazionaturiko jardunaldi praktiko erakargarri eta lorgarriak egin ahal izango dituzte ikasleek, modu praktikoan eta bi orduko jardunaldietan.

  • Zer gai landuko dituzte, eta nortzuk emango dituzte eskolak?

 GIE-Eibarren dauden laborategietan ondorengo gaiak jorratu ahal izango dituzte, esperimentalki zein simulazio bidez: Matematikaren aplikazioa energia berriztagarrietan (energia iturri berriztagarri desberdinen simulazioen bidez energiaren transformazioa ulertzen da), konputagailuen bidez gailuak programatzen (modu autonomoan funtzionatzen duten gailuak esperimentalki programatzen dira), auto autonomo bat programatzen dordoka baten laguntzaz (programazioren bidez datuen prozesaketa ahalbidetzen digu erabakiak hartzeko eta simulatzaileen bidez auto autonomoen lasterketak egiten dira), uretik eta haizetik bizi (gure planetako fluido nagusiak, urak eta haizeak, mugimenduan daudenean sortzen duten energia harrapatzen asmatzen bada gure eguratsa gutxi kutsatzea lortzen da), hondakinetatik Biodiesela lortzen (Sukaldatzeko oiloa eta koipeak berrerabiltzen dira bioerregai berriztagarri bat lortzeko laborategian esperimentalki, ikasiz nola funtzionatzen duen erreakzio kimikoak eta lortzen den biodieselaren ezaugarriak neurtuz), materialen biltegiratze termikorako gaitasuna (materialen propietate-sorta zabalean, berotasuna edo energia termikoa biltegiratzeko gaitasuna aztertuko da: klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduko duten energia biltegiratzeko sistemak diseinatzeko oinarria egagutuz),  elektrizitatea energia-iturri berriztagarriekin (energia berriztagarriak erabiliz, energia elektrikoa nola sortzen den, eta energia elektriko hori zertarako erabili dezakegun ezagutuko da esperimentalki. Energia ez kutsagarria, eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa bultzatuz), eguzkia energi fotovoltaikoa (elektrizitatea panel fotoboltaikoak erabiliz nola sortzen den aztertuko dugu eta nola erabili etxeko landareak ureztatzeko. Horretarako, ponpaketa sistema bat diseinatzen ikasi, eta ondoren, egindako diseinua inplementatu eta erabili ahalko da esperimentalki), 3D pieza bat diseinatzen (gaur egungo 3D inprimagailuei esker nahi dugun pieza lortu ahal da. Laborategi honetan edonork proposaturiko pieza diseinatu eta inprimatu ahal izango dute esperimentalki, material desberdinak erabiliz).

Eibarko EGOkITU Udako Campusaren jardunaldiak ematen dituzten pertsonak, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko ataleko (GIE-Eibar) unibertsitateko irakasleak dira, denak  doktoreak. Hain zuzen ere, GIE-Eibarreko irakasle-ikerlariak hamar ikerketa talde desberdinetan banatzen dira, non bakoitzak bere ikerketaren atala bertan garatzen duen. Horrela, UPV/EHU unibertsitatearen islada ikusten da GIE-Eibarren ere: unibertsitateko irakasle ikerlariak, bakoitza bere ikerketa lerroan aditua, non ikerketa proiektuetan parte hartzen eta nazioarteko aldizkari garrantsitsuenetan argitaratzen dituzten beraien ikerketa lanak.

  • Energia Berriztagarrien graduko 10. Promozioa graduatuko da aurten. Talentua hemen geratzea duzue helburu. Lortu al duzue?

GIE-Eibarren Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradu ofiziala irakasten da 2011 urteaz geroztik, eta aurten, 10. Promozioko graduatuak izango ditugu, non horietako bost ikaslek Tekniker Ikerketa eta Teknologia zentruan Energia Berriztagarrien Ingeniartizako Ibilbide Dual pilotoa garatuko duten. Datorren  ikasturtean Energia Berriztagarrien Ingeniartizako Ibilbide Dual ofiziala jarriko da martxan, 4. mailako 12 ikaslerekin eta lau enpresarekin. Enpresa hauetako bi Debabarrenakoak dira, Tekniker (Eibar) eta Masermic (Mendaro). 2020 urtean enpresari talde batek BPTD (Basque Precision Technology District) Elkartea sortu zuen, eta GIE-Eibar elkarte horretako bazkide da hasiera-hasieratik, ikastetxe aktibo bezala. Elkarte honen helburu garrantzitsuenetako bat hemengo talentua hemen geldiaraztea da, Debabarrenan, eta Ingeniaritza eskolak ekimen desberdinen bidez bere ekarpena egiten dio helburu honi. Alde batetik, EGOkITU Udako Campuseko jardunaldiak Eibarren garatzea oso garrantzitsua da, horrela Debabarrena eskualdeko gazteek aukera ederra dutelako Ingeniaritza eskualdean bertan ezagutzeko, eta baita, Energia Berriztagarriak, modu erosoan eskuratzeko. Ingeniaritzari buruz izan ditzaketen aurreiritziak eta beldurrak gaindituz, ingeniaritza eta energia berriztagarrien onurak modu entretenigarrian deskubritu eta gozatzeko aukera paregabea da. Bestalde, Ibilbide Dual programa barruan dauden bertoko enpresetan parte hartzen duten Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradu amaierako ikasleek enpresa horietan lan kontratuak lortu eta etorkizuneko langile izateko aukera handiak dituzte. Azkenik, graduko ikasleek ohiko Enpresetako Praktikak egiteko aukera ere badute, non horietako enpresa asko Debabarrenekoak diren. Bide honetatik ere, enpresa hauetan etorkizun hurbilean langile bihurtzeko aukera sortzen zaie gure ikasleei. Horregatik, ingeniaritza eskolak garrantzi handia ematen dio enpresekin duen harremanari, eta ikaslea, ikasketak bukatzen doan heinean, enpresa munduan integratzen joaten da. Enpresa hauekin harremana estuagoa denean, Unibertsitate-Enpresa gelak sortzeko aukera ere dago: 2021etik Eraginkortasun Energetikoaren Centro Stirling dugu martxan. GIE-Eibarren 2022tik hasita, urtero ikasturte hasieran ospatzen da Enpresa Eguna. Egun hau 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendua dago eta bertan enpresa bakoitzak bere postua jartzen du, non ikasturte horretan zehar eskainiko dituzten praktikak, Gradu Amaierako Lanak, eta kasu batzuetan, lan kontratuak ere aurkezten dituzte. Ikasleak aukera ona izaten du enpresa bera eta bere eskaintza eskolan bertan ezagutzeko, enpresarekin izango duen lehen elkarrizketa eskolatik atera gabe izanik eta egoera horri beldurra galduz.

Gaur egun euskarak leku garrantzitsua dauka zuen eskolan. Kontaiguzu nola iritsi zareten Korrikan ere parte hartzera.

1968. urtean Eibarko Unibertsitate Laborala sortu zuten Batxilergo institutuak, Lanbide Heziketako eskolak, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak (IITUE) eta Egoitzak. Urte batzuk geroago, 1994. urtean, IITUE eskola UPV/EHU unibertsitatearen parte izatera pasatu zen, bost urtez unibertsitate honen eskola atxikitua izan ondoren. Ondorengo ikastetxea (LH eskola), UniEibar edo UniEibar-Ermua da, eta Ingeniaritza Eskola, Unibertsitatea da (UPV/EHU). Horrela gu GIE-Eibar gara, baina ez UniEibar. Ordurarte (1994), Elektrizitatea-Industria Elektronika Industria Ingeniaritza Teknikoa titulazioa soilik irakatsi zen, eta 1996 urtetik aurrera Mekanikako Industria Ingeniaritza Teknikoa titulazioa ere martxan jarri zen, Ingeniatza Eskolan. Bi titulazioak gaztelania hutsean eman izan ziren, XXI. mendean sartu ginen arte. Ingeniaritza Eskola oso erdalduna zen sorreratik, baina UPV/EHU Unibertsitatearen laguntzaz, ordungo Euskara Planaren eta Gipuzkoako Campusaren bidez, bi titulazioak euskaraz ere emateko baliabideak jarri ziren eta horrela 2000. lehen hamakadan bi titulazioak euskaraz ere irakasten hasi ziren. Eskolako Zuzendaritza euskarako profila zuten irakasle euskaldun berrien kudeaketan arduratu zen bitartean, eskolako Euskara Batzordea (1997an sortua) ikasleentzako behar ziren  apunte eta testu klasikoen euskararako itzulpenenez arduratu zen. Urte askotatik ona, UPV/EHUko irakasle berri ia guztiak elebidunak (gaztelera, euskara) izan behar dira derrigorrez. Gaur egun, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko atalean dagoen Ataleko Batzarrean eta beste Batzorde guztietan, dena euskaraz egiten da. Garrantzitsua da esatea ere, euskalduntze prozesu luze honetan, euskara maite eta errespetatzen zuten erdaldun askoren laguntza eta oniritzia ere izan genuela. GIE-Eibarren urtero ospatzen dugu Euskararen Eguna, goizeko ordu erdiko atsedenaldia aprobetxatuz, ordu betera luzatzen dugun jaialditxoa antolatzen dugu ikasleen laguntza eta irakaslego eta AZPkoen parte hartzearekin. Aurten, lehen aldiz Korrikan parte hartu du GIE-Eibarrek kolektibo bezala eta esperientzia polita izan da. Hurrengo urteetan parte hartzen jarraitzeko asmoa dugu.

  • Hezkuntza legedi aldaketaren eragina aprobetxatzen jakin zenuten. Zein aldaketa egin zenituzten?

Zoritxarrez, hamarkada horren bukaeran estatu mailan izango zen legedi aldaketa baten ondorioz, jakinarazi zitzaigun 2015. urteaz geroztik ezingo genituela jarraitu ematen Eibarko IITUEn, Ingeniaritzako bi Industria Graduak (Industria Elektronika eta Automatika, eta, Mekanika). Albiste txar hura erronka bihurtzea erabaki genuen: gure unibertsitateak gradu berri bat sortzeko aukera eman zigun, eta, gure aukerak eta etorkizuna aztertuz, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua diseinatu eta aurkeztea pentsatu, eta egin genuen. Ondorioz, 2011 urtean jarri zen gradu hau martxan, Espainian martxan jarri zen lehen Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradu ofiziala izanik. Oso pozik gaude egin genuen apostuarekin. Zorionez, energia berriztagarriak geroz eta beharrezkoagoak dira, eta honek lanpostu askoren beharra dakar. Trantsizio energetikoa martxan dago jada: Udalak, gobernu autonomikoak, estatua eta baita Europa ere energia berriztagarrien aldeko apostua egiten ari dira, proiektu berri eta diru-laguntzekin. Gure graduatuen lan-tasa oso handia da, % 94koa.

2016. urterarte, UPV/EHU unibertsitatean guztira 31 Eskola eta Fakultate zeuden. Orduan, UPV/EHUren zentruen berrantolaketa jarri zen martxan, eta ondorioz, urte horretatik aurrera murrizketa garrantzitsu bat izan zen, 20 Eskola eta Fakultate geratu zirelarik: lehengo batzuk batu edo fusionatu egin ziren eskola edo fakultate handiagoak osatzeko. Horien artean, Eibarko IITUE eta Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa batu ginen Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (GIE) osatzeko. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola bi eraikinek osatzen dute ordutik, Donostiakoak eta Eibarkoak. Eskolako Zuzendaria Xabier Ostolaza Zamora da, eta Zuzendaritza taldea 10 pertsonek osatzen dute eta bi eraikinetan banaturik daude: 7 Donostiako egoitzan, eta 3 Eibarko atalean.

Elkarrizketaren bideoa, HEMEN