Euskara elkarteko kideek jakinarazi dutenez, Sasoiko parean ipiniko dute salmenta postua. Txartelak euro baten truke eskuratu ahal izango dira eta saridunak honako produktuez osatutako saskia irabazteko aukera izango du: bi buia, bi txangurru, 500 gramo olagarro, lau nekora, 200 gramo ganba, 300 gramo karrakela, 300 gramo lanperna, zortzi ganboi eta hamasei otarrainxka, “guztiak ere egosita etorriko dira”. Produktu horiez gain, botila bat ardo zuri ere jasoko du opari irabazleak.
Orain arte egin bezala, egunean bertan iragarriko dute irabazlea; zehazki, 15:00etan egingo dute zozketa, Zuhatzaren postuan. “Zenbaki sariduna eta ordezkoa zeintzuk diren ezagutzera emateko kartelak itsatsiko ditugu herrian. Bertan telefono zenbaki bat agertuko da, eta irabazleak edo ordezkoak hara deitu edo idatzi beharko du. Bertan emango dizkiogu beharrezko jarraibide guztiak”. Gogorarazi dute 24 orduko epean jaso beharko dela saria. “Irabazlea epe horretan agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabeari emango zaio saria”.