Haurrei zuzendutako 'Buruhandiak sortzen' tailerra egingo du gaur Zuhatza-Kolore Anitzek

Berriketan 2024ko mai. 17a, 11:24

Iaz izandako harrera ona ikusita, aisialdi taldeak aurten ere egingo du haurrei zuzendutako ekintza, Debarren Egunaren harira antolatutako egitarauaren baitan. 17:30ean hasiko da tailerra.

Simon Berasaluze plazan jarri dute hitzordua, 17:30ean, baina eguraldi txarrarekin estalitako pasealekura lekualdatuko dute sormen tailerra. Aurreikusitakoaren arabera, bi orduko iraupena izango du.

Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak azaldu bezala, Debako erraldoien eta buruhandien konpartsa gure jaietako elementu garrantzitsua da; "gure herriaren sinbolo, zalantzarik gabe". Taldeak hamahiru irudi ezberdin ditu: hiru erraldoi bikote eta zazpi buruhandi. Bada, oraingo honetan, Deban ezagunak diren ondorengo hauetan jarriko dugu arreta: Zuhaitza, Zezena, Iratxoa, Sorgina, Paletas eta Txankletas pailazoak, Tony tigrea eta Maguila tximua. Horiez gain, urte askoan serieko lau buruhandi izan ditu Debako herriak: Pailazo, Popeye, Pirata eta Mickey Mouse.

Prestatu duten tailerraren bitartez, hain justu, herriko buruhandiak ezagutzeko eta sortzeko aukera eskaini nahi diete parte hartzaileei, "haien kopiak egin edota buruhandi berriak asmatzeko tartea eta baliabideak emanez". Horretarako, material berrerabilgarria erabiliko da, hala nola kartoizko kaxak (norberak eraman beharko du berea). Haur Hezkuntzako haurrei eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. maila bitartekoei zuzenduta dago jarduera; HHkoen kasuan, heldu batek lagundurik parte hartu ahal izango dute.