Iritsi da maiatzeko hirugarren asteburua eta, horrekin batera, Debarren Eguna. Egun handia igandean (maiatzak 19) ospatuko den arren, asteburu osoko egitaraua izango da aukeran.
Gaur arratsaldean abiatuko dira ekintzak, Zuhatza-Kolore Anitzen eskutik haurrentzat antolatu duten "Buruhandiak sortzen" tailerrarekin (17:30ean). Eta, ondoren, Kalean Kantuzeko kideek alaituko dute herria, 19:00etatik aurrera. 22:00etan, aldiz, Debako Musika Bandak eta Banda Gazteak kontzertua emango dute elizako klaustroan.
Festak bihar izango du jarraipena, goizean goiz hasi eta gauera arte luzatuko den egitarauarekin. Eta, beti bezala, iganderako iragarri dituzte dagoeneko herrian ondo errotuta dauden eta ospakizun honetan bereziki esanguratsuak diren kultur jarduerak; besteak beste, ezpata dantza egingo dute Gure Kaiko kideek San Rokeko ermitan (11:00etan) eta erraldoien konpartsen desfilea eta alardea ere izango dira ikusgai, goizean eta arratsaldean, hurrenez hurren.
Egitarau osoa HEMEN ikus daiteke.