Maiatzaren 18tik 26ra bitartean ospatuko da Europako Geoparkeen Astea

Berriketan 2024ko mai. 16a, 10:05

Askotariko ekintzak egongo dira aukeran aurten ere. (Irudia: Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Zientzia, natura eta kultur ondarea ardatz hartuta, ekimen ugari izango dira Deban, Mutrikun eta Zumaian.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi asteburu hartuko dituen egitarau zabala prestatu du Europako Geoparkeen Astea ospatzeko. Maiatzaren 18tik 26ra bitartean egingo da EGNWeek deritzon ekimenaren hamabosgarren edizioa; Deban, Mutrikun eta Zumaian ospatzeaz gain, ekimena Europan dauden 109 geoparkeetan ere ospatuko dute aldi berean.

Geoparketik nabarmendu dutenez, "tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea" da urteroko ekimen sortaren helburua. Aurtengo egitasmoak biodibertsitatean jarriko du arreta. El Hombre y la Tierra saioaren 50. urteurrenari buruzko Geotalks emanaldia, Geoparkeko Biodibertsitatearen inguruko liburu berriaren aurkezpena, Historiaurreko Bailarara bisita gidatua, Biotop landa-irteera, tailerrak eta abar egongo dira aukeran. 

Egingo diren ekimen guztiak doakoak izango diren arren, horietako batzuetan aurrez eman behar da izena, kode-sistema bat baliatuta edota inprimakiak beteta. Egitarauari buruzko informazio guztia hemen dago ikusgai.