Larunbatean (maiatzak 18) izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Lesakan (Nafarroa). Zubiak zeharka leloa ardatz hartuta antolatu dute egitaraua. Martin Aramendi UEMAko lehendakariak nabarmendu duenez, dena den, maiatzaren 18koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide direnena soilik. “Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean euskaldunak, biztanleen %70etik gora euskaldunak dituztenak".
Festa giroko ekitaldiak ez ezik, udalerri euskaldunen garapenerako erabaki garrantzitsuak ere hartuko dituzte Lesakan. Izan ere, mankomunitatearen batzar nagusia han egingo dute, eta Lakuntza, Bakaiku, Ituren eta Zegamako udalek UEMAko kide izateko asmoz egindako eskabideak aztertuko dituzte bertan. Onbidean, horiek onetsita, maiatzaren 18tik aurrera 111 udal egongo dira UEMAn (Debakoa ere tartean dago), eta 346.000 biztanleko "lurgune euskalduna" osatuko dute.
Maiatzaren 18ko egitaraua:
- 09:45: Diana. Soinulariak eta txistulariak, Harriondoatik.
- 10:00: -UEMAren batzar nagusia.
-Euskara taldeen topaketa: Euskararen olatu berria sortzeko gakoak.
-Haurrentzako herri kirolak. - 12:30: Ekitaldia, plazan.
- 13:15: Fanfarrea, Lesakako Musika Eskolako ikasleekin.
- 14:30: Bazkaria, Bidenabar taldeak girotuta.
- 18:00: Bertso-triki poteoa, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin.
- 20:00: Larrain dantza herrikoia, Leskakao gaiteroekin.
- 20:45: Erromeria, Trikidantz taldearekin.
- 23:30: Dj festa: Fifi & Fefa.
Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, Solasa izan izeneko abestia ere prestatu dute elkarlanean. Ekhiñe Zapiainek eta Itziar Telletxeak idatzi dituzte hitzak, eta Arranoband taldeak sortu du musika. Ibai Gogortza aritu da teknikari lanetan. Abestian eta bideoklipean lesakar askok hartu dute parte. Bideoklipa, berriz, Mikel Leizaren lana izan da.
Hemen bideoklipa: