Udalak jakinarazi du larunbatean (maiatzak 18), Debarren Egunaren bezperan, XXXI. Haur Margo Lehiaketa egingo dela, aire zabalean, "herriko haurren eta gazteen sormenari bide ematen jarraitzeko" helburuz. Sariketa Deban bizi diren 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, baita herrian bizi ez baina Debako ikastetxeren bateko ikasle diren haurrei ere.
09:30ean hasiko da lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek udaletxe azpian eman beharko dute izena eta bertan banatuko dizkiete margolanak egiteko beharrezkoak izango dituzten laminak (lamina bana jasoko du partaide bakoitzak, "behar bezala zigilatu eta zenbatuta"). 13:30era arteko tartea izango dute marrazkiak egiteko, eta lanak leku berean aurkezteko. Lan horiek aire zabalean egindakoak izan beharko dute, nahitaez, eta ohartarazi dute ez dituztela onartuko antolakuntzak emandako laminetatik kanpo egindako marrazkiak.
Jasotako margolan guztiak epaimahaiak aztertuko ditu, eta 17:00etan egingo da sari banaketa, Kultur Elkarteko areto nagusian. Lau sari izango dira jokoan, lau mailatan banatuta:
- 1-5 urte bitartekoak: sari berezia
- 6-8 urte bitartekoak
- 9-10 urte bitartekoak
- 11-16 urte bitartekoak