Egunari hasiera emateko, Ostolaza Sariak banatuko dituzte 12:00etan, Kultur Elkartean. Udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren edo erakundeen lana aitortzea eta aintzatestea da sari horien helburua, eta lau sari banatuko ditu kultur eragile ezberdinetako kideez osaturiko epaimahaiak (Sortzaileak, Dinamikak, Ezinbestekoak eta Hazia Saria). Herritarrek proposatu dituzte hautagaiak.
"Pozik eta esker onez gaude deialdiak herrian izan duen erantzunarekin. 91 lagunek parte hartu dute lehenbizikoz antolatutako egitasmoan, eta 44 hautagai proposatu dituzte guztira. Bihar, Bazkidearen Egunean bertan, jakinaraziko da epaimahaikideen ebazpena", azaldu dute elkarteko kideek. Sariak banatzeko ekitaldia "xumea bezain berezia" izango dela aurreratzeaz gain, herritar guztiei hitzordura bertaratzeko gonbidapena egin diete.
Aldats pilotalekuan egingo den bazkideen bazkariak (14:30ean), eta Kultur Elkartean izango diren Andoni Agirregomezkortaren Un vasco de la hostia umorezko ikuskizunak (17:30ean) eta Skabidean taldearen kontzertu akustikoak (20:30ean) osatuko dute egitaraua.
300 bazkide baino gehiago
Kultur Elkarteak bazkide kanpaina abiatu du hilabeteotan (316 kide ditu gaur egun); urtean 12 euroko ekarpena egin behar da. Bazkidetza Internet bidez egin daiteke, labur.eus/kulturelkartea estekan.