Kaleetan eta parkeetan euskararen erabilera handitzea helburu duen Bastiñuixan egitasmoari maiatzean emango diote jarraipena. Zehaztu dutenez, maiatzeko lau ostegunetan izango dira hitzorduak; hilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, alegia. Aurrekoetan bezalaxe, saioak zumardiko kioskoan (euria bada, Ifar kaleko ikastetxeko patioan) egingo dituzte.
Oraingoan ere 3tik 9 urte arteko haurrei zuzendutako bi programa eskainiko dituzte: Zabu Zibu (3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat) eta Txirrintxon (6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat). Haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko eta jolas zein kantu berriak ikasteko aukera izango dute eta horretan guztian Hezten taldeko jolas dinamizatzaileen laguntza izango dute.
Zabu Zibu programako saioak 16:30etik 17:30era bitartean egingo dituzte. “Helburua da euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea eta, beraz, behar-beharrezkoa da haurrak gurasoren edo helduren batekin joatea eta jolastea”. Txirrintxon programako saioak, berriz, 17:30etik 18:30era egingo dira. Azaldu dutenez, aurretik ez da izena eman behar, nahikoa da bertaratzea.