Algaraka Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa antolatu dute estreinakoz Bergarako Jardun euskara elkarteak eta Goiena komunikazio taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Bergarako Udalaren babesarekin eta Urretxuko, Zumarragako eta Zumaiako udalen laguntzarekin. Lehiaketan parte hartzeko izena eman dutenen artean, hamabi aukeratu dituzte zuzeneko saioetan parte hartzeko, eta horien artean da Manex Astigarraga.
Aurre-kanporaketa amaitu ostean, ostiralean (maiatzak 10) hasiko da lehiaketa eta lau saio izango ditu: kanporaketa faseko hiru saio eta final handia. Kanporaketa faseko dinamika ere azaldu du antolakuntzak. "Bakoitzean lau lehiakidek parte hartuko dute eta, bertan, 6-8 minutuko bakarrizketa egin beharko dute publikoaren aurrean". Gaineratu dutenez, zuzeneko kanporaketa-saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da finalera. "Hirugarren saioaren amaieran jakinaraziko dira zeintzuk diren finalera pasa diren lehiakideak".
Idoia Torregarai kazetari eta umoristak, Aner Peritz bertsolari eta sortzaileak eta Josu Zubia kulturgile eta Potx pailazo oñatiarrak osatutako epaimahaiak izango du astero horiek epaitzeko ardura. Honakoak dira kanporaketa faseko saioen datak:
- Lehen kanporaketa. Maiatzaren 10ean, 20:00etan, Bergarako Seminarixoan.
- Bigarren kanporaketa. Maiatzaren 17an, 20:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan.
- Hirugarren kanporaketa. Maiatzaren 24an, 20:00etan, Zumaiako Aita Mari aretoan.
1.850 euro saritan
Finala, berriz, maiatzaren 31n izango da; 20:00etan hasiko da saioa, Bergarako Seminarixoan. Aurreratu dutenez, bost lehiakidek parte hartuko dute bertan. "Zuzeneko kanporaketa bakoitzeko onena, saio guztiak kontuan hartuta publikoak aukeratutakoa eta saio guztiak kontuan hartuta Bergarar onena kategoriako irabazlea. Bakoitzak 6-8 minutuko bakarrizketa aurkeztu beharko du publikoaren aurrean; kanporaketa saioko lan bera, moldatua edo berria izan daiteke".
Lau sari banatuko dituzte. Irabazleak 1.000 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak jasoko ditu, eta bigarrenak 600 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak. Bergarar onenak, berriz, 250 euroko bonua jasoko du, herrian erabiltzeko; eta publikoaren saria irabazten duenak Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria izango ditu.
Miren Nogales aktore eta aurkezleak eta Jon Olivares aktore bergararrak aurkeztuko dute lehiaketa eta saioak EITBren eta Goiena Komunikazio Taldearen artean ekoiztuko dira; Primeran streaming plataforman egongo dira ikusgai.