Gero eta gutxiago falta da hondartza denboraldia hasteko eta, horren harira, Debako hondartzetan zaintza, salbamendua, laguntza eta aniztasun funtzional fisikoa duten pertsonentzako bainu lagunduen zerbitzua kontratatzeko prozesua zabaldu du udalak. "Kontratazio horren bidez, bi hondartzetan kalitatezko arreta-zerbitzua eskaintzea du helburu udalak, uda sasoian, bereziki, bertako erabiltzaileen segurtasuna eta gozamena bermatzeko".
Kontratuak hiru hilabeteko iraupena izango du, eta denbora tarte horretan enpresa esleipendunak kontratuan eskatzen diren kalitate- eta segurtasun-estandarrak bete beharko dituela jakitera eman dute. Kontratuaren baitan, Santiago eta Lapari hondartzetako "segurtasuna bermatu eta kudeatzeko zerbitzu integralak" jasotzen dira eta, horien artean, honakoak nagusitzen dira: bainu-eremuak mugatzea, etengabeko zaintza, gorabeheren aurrean azkar jardutea eta larrialdietan berehalako laguntza ematea.
Zerbitzu horiekin guztiekin batera, aniztasun funtzional fisikoa duten pertsonentzako bainu lagunduen zerbitzuari ere "arreta berezia" eskainiko zaiola zehaztu dute, zerbitzu horren beharra dutenek "itsas ingurunean behar bezala integratu daitezen eta hondartzez goza dezaten".
Maiatzaren 13a da proposamenak telematikoki aurkezteko azken eguna eta bertan parte hartzeko interesa duten pertsonek edo enpresa interesdunek telematikoki aurkeztu beharko dituzte proposamenak, kontratatzailearen plataformaren bitartez. Kontratazio prozesuaren oinarriez buruzko informazio gehiago nahi dutenek udalaren atarira jo dezakete.