Euskal artista garaikide berriek beren lanak jendaurrean aurkezteko dituzten zailtasunez jabetuta, eta horretara bideratu ohi diren finantzaketa-iturriak urriak direla iritzita, euskal artista garaikide berrien sustapena eta hedapena erraztea bilatzen duen sariketa antolatu du beste urte batez Debako Udalak, Arte Eskola Bizirik kolektiboarekin elkarlanean.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako batean jaio edo bizi diren 35 urtetik beherako artistek parte hartu ahal izango dute eta horiek banaka edo taldeetan (gehienez, lau kide taldeko) aurkeztu ahalko dituzte beren proiektuak.
Deialdian parte hartzeko epea maiatzaren 15ean amaitzen da, eta interesa dutenek soilik kultura@deba.eus helbide elektronikora idatzita eman ahalko dute izena. Mezuan, proiektuaren deskribapen zehatzarekin batera, obren irudiak (hamabost irudi banakako proposamenetarako eta hogei taldeentzako) eta artistaren edo kolektiboaren curriculuma jasotzen dituen dosier bat ere erantsi beharko dira.
Saria eta erakusketa
Epaimahaiak hainbat irizpideren arabera baloratuko ditu proposamenak; besteak beste, artistaren adina, eskatutako arlo artistikoan izandako prestakuntza eta esperientzia, proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, eta euskararen ezagutza hartuko dituzte kontuan.
Aurkeztutako lanen artean, "proiektuen originaltasuna, kalitatea eta interes kulturala baloratuko dira bereziki" eta, iragarri dutenez, 4.000 euroko saria jasotzeko aukera izango du lehiaketaren irabazleak. Horrekin batera, bere obra Santa Maria elizaren klaustroan erakutsi ahal izango du uztailean, "abuztuaren amaierara arte luzatzeko aukerarekin".
Deialdiaren oinarriak eta sariketari buruzko informazio gehigarria udalaren atarian kontsulta daitezke.