Baso bete zientzia goiburupean, maiatzeko lau ostegunetan publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi laburrak emango dituzte zientzialari debarrek, euskaraz, zientzia-dibulgazioa eta pintxo-potea uztartuz. Eta, aurreikusi bezala, atzo egin zen lehenbiziko saioa, Kultur Elkarteko aretoa lepo beteta.
Lehenik, Eider Aldalur Ingeniaritza mekanikoan doktoreak Gehitu edo ezabatu? Arku elektrikoan oinarritutako fabrikazio-gehigarria izenburuko hitzaldia eman zuen bertaratutakoen aurrean. Eta ondoren, zerbait jateko eta edateko atsedenaldia egin ostean, Miquel Saumell Farmakologian doktorearen txanda izan zen agertokian; Kanabinoideak kontsumo ludikoaz haratago. Zertarako balio dute? izenburuko solasaldia eskaini zuen. Hizlariei galderak egiteko eta eztabaidatzeko tarterik ere izan zen hitzorduan.