Maiatzaren 3rako antolatu dute urteko bigarren odol emate saioa

Berriketan 2024ko api. 29a, 11:36

Parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eskatu behar dute hitzordua. Ohiko eran ez ezik, gotatanta.eus webgunean sartuta ere erreserbatu ahal izango da odola emateko txanda.

Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du. Urteko bigarren saioa ostiralean (maiatzak 3) egingo dute, Luzaro ikastetxean; beti bezala, 16:30etik 20:30era bitartean ariko dira osasun arloko profesionalak lanean. Herrian zeregin horretan urteak daramatzan taldeak, beste behin ere, bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Antolakuntza lanak errazteko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek 612 40 21 03 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali beharko dute txanda hartzeko. Bihar (apirilak 30) zabalduko dute horretarako aukera eta ostegunera arte (maiatzak 2) horretarako aukera izango dela zehaztu dute.

Berritasunak

Herritarrei "gauzak errazteko" eta odola emateko antolaketa "hobetzeko" helburuarekin, gainera, gotatanta.eus webgunean sartuta ere hartu ahal izango da txanda. Larunbatean (apirilak 30) zabaldu zuten hitzordua erreserbatzeko aukera hori eta gaur (apirilak 30) 22:00etan itxiko dutela iragarri dute.

Hitzordua hartzeko honako urratsak jarraitu behar dira:

  1. www.gotatanta.eus atarian sartu eta, ondoren, ERRESERBATU ZITA DOHAINTZAN dioen lekuan klikatu.
  2. Ordua aukeratu eta, ondoren, izen-abizenak eta NAN zenbakia sartu (lehenengo dohaintza den ala ez ere adierazi behar da).
  3. GORDE botoia klikatu ondoren, mugikorraren zenbakia eta posta elektronikoa bete behar dira.
  4. Hitzordua berresteko, mugikorrean jasotako kodea sartu behar da.
  5. Amaitzeko, SMS eta posta elektroniko bat heltzen dira, hitzordua baieztatuz.

Odol emaileen elkartetik gogorarazi dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute, beraz, jendeari “lasai hurbiltzeko” eskatu diote. Hona hemen odola emateko eskatzen diren zenbait baldintza:

  • 18 eta 65 urte artean izatea.
  • Ezinbestean 50 kilo baino gehiago pisatzea.
  • Atseden hartuta, otordu arina eginda eta ondo hidratatuta joatea gomendatzen da. “Etorri odola ematera, baina ez baraurik”.
  • Gaixotasunen batez kutsatu ahal izateko arrisku-praktikarik egin ez izana (sexualak, bidaiak, gaixotasun kutsakorrak dituzten pertsonekin kontaktua izatea…).
  • Ohartarazi dute sintoma susmagarriak (katarroa, mukiak edo eztula moduko sintomak) izanez gero ere, ez bertaratzeko.