Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere irakurzaleentzako topagune bihurtuko da Kultur Elkartea, Liburuaren Egunaren harira antolatutako egitarauaren baitan. Bihar goizean, 11:00etatik aurrera, mikrofono irekia, liburu azoka eta literatur bermuta izango dira aukeran. Eta Xabier Badiolaren kontzertuak biribilduko du hitzordua.
Iganderako deialdia, berriz, Ispiluen gelara daramate antolatzaileek. Mareak ikuskizuna aurkeztuko dute, 19:00etan. Euskal kostaldeko emakumeak omentzen dituen fusio musikala da Mareak, Toti Martinez de Lezearen, Gorka Hermosaren eta Edurne Zabaloren parte-hartzearekin osatutakoa.
Aurtengo egitaraua apirilaren 30ean amaituko da, Irakurketa Klubaren saioarekin. Delphine de Viganen Los reyes de la casa (Anagrama, 2022) obran oinarri hartuta, Ainhoa Aldazabalek dinamizatuko du saioa. Topaketa 19:00etan hasiko da, eta eztabaida literarioarekin bat egiteko interesa duten guztiei irekita dago.
Sari banaketak aurrez
Apirilaren 23an eman zitzaien hasiera aurten Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako kultur jarduerei. Ikasleei zuzendutako IV. Ipuin eta Ilustrazio lehiaketaren sariak banatu zituzten goizean, eta Deba ehun hitzetan lehiaketari dagozkionak, berriz, arratsaldean. Iñigo Legorburu nagusitu da bi modalitateetan, euskarazkoan eta gaztelaniazkoan, Tenoreak eta Aperturas y... klabadak! izenburuko idazlanekin, hurrenez hurren.
Euskarazko bigarren saria Gotzon Plazak jaso du, Arima lanari esker, eta Iñaki Prietok lortu du saritu gabeko herriko lanik onenari ematen zaion saria, Hitzordua Caronterekin idazlanarekin. Gaztelaniazko modalitatean, aldiz, Rafael Bravoren Aun estamos a tiempo lanari eman diote bigarren saria, eta Bravok lortu du saritu gabeko herriko lanik onenari egiten zaion aitortza ere, Arras de plomo lanarekin.