Ideia aspaldikoa izan arren, duela hilabete batzuk hasi ziren Baso bete zientzia proiektua "serioago" gorpuzten, eta oraintsu aurkeztu dute estreinakoz antolatutako jardunaldien egitaraua. Bederatzi hitzaldi egingo dira maiatzean, zientzia-dibulgazioa eta pintxo-potea uztartuz. Ostegun bakoitzean, herriko zientzialariak izango dira protagonista, eta ezagun duten lan edo ikasketa arloarekin lotutako gaiez ariko dira. Antolakuntza lanetan diharduten lauzpabost lagunen artean daude Maddi Astigarraga ilustratzaile zientifikoa eta Jon Lafuente Fisikan doktorea.
Nolatan sortu zen ekimena martxan jartzeko ideia?
Maddi Astigarraga: Zientziaren munduan lan egiten dugun edota arlo honekiko interesa dugun lagun talde bat bildu eta Deban halako zerbait antolatzeko ideiari bueltak ematen hasi ginen. Ondoren, afari batean proiektuari forma ematen hasi, eta ekimena aurrera ateratzeko bileretan eta lanetan murgildu ginen.
Ondarroan, adibidez, Pint of Science nazioarteko jaialdiaren saioak antolatzen dituzte. Loturarik ba al dute bi egitasmoek? Zuetako batzuek zuzenean parte hartu izan duzue hizlari gisa hango saioetan, ezta?
M.A.: Bai, noski! Pint of Science jaialdian zientzia-hitzaldiak unibertsitate eta ikerketa zentroetatik atera eta tabernetara eramaten dira, eta ikerlariek eta zientzialariek beren lana azaldu eta publikoaren galderak erantzun ditzakete, giro erlaxatu eta gertukoan. Guk ere halako zerbait egin nahi izan dugu: herriko zientzialariei hitza eman, zientzia arloko hainbat gai jorratzeko. Nire kasuan, Ondarroako eta Donostiako ekimenean parte hartu nuen iaz eta oso gustura egon nintzen, jende anitza biltzen baita bertan, dibulgaziorako giro paregabea sortuta. Ea Deban ere halako giroa sortzen dugun.
“Gure inguruan puntako zientzia egiten duen jende asko ezagutzen genuela konturatu ginen. Debaren tamainako herri batentzat, harrigarria da kopurua”
Zientzia kontzeptu zabala da… zer gai landuko dituzue? Zein izango da hitzaldien formatua?
M.A.: Denetarik egongo da. Bakoitzak bere lan edo ikasketekin lotutako gaiak jorratuko ditu, arlo ezberdinen baitan: fisika, informatika, kimika, ingeniaritza, neurologia, farmakologia eta, nire kasuan, zientziaren dibulgazioa ilustrazio zientifikoaren bidez.
Jon Lafuente: Hitzaldi laburrak izango dira, hogei bat minutukoak. Egun bakoitzean bi edo hiru hizlari egongo dira eta, hitzaldien ondoren, galderak egiteko eta eztabaidatzeko denbora egongo da. Saioen arteko pintxo-poteak lagunduko du giroa erlaxatzen.
Publiko orokorrari zuzendutako solasaldiak izango direla diozue. Gaiari buruzko jakintza edo ezagutza maila zehatzik behar al da bertaratu ahal izateko?
J.L.: Helburua zientziaren dibulgazioa egitea da eta, beraz, arlo ezberdinen ikuspegi orokor bat ematen saia-tuko gara; zehaztasun zientifikoa alde batera utzi gabe, baina ahalik eta xehetasun tekniko gutxien erabiliz. Ez da inolako ezagutzarik izan behar edukiak ulertzeko, eta hor dago gakoa. Hitzaldi entretenigarriak prestatuko ditugu.
Euskaraz ariko zarete jardunaldi guztietan.
M.A.: Zientziaren hizkuntza ingelesa dela uste du jendeak; ingelesa da, antza, punta-puntako zientzia egin eta komunikatzeko hizkuntza. Komunikazio proiektu eta hedabide ezberdinek, ordea, argi utzi dute euskaraz ere hitz egin daitekeela zientziaz. Eta guk ere mito hori hautsiko dugu, eta herriko zientzialariok herritarrekin gure hizkuntzan, euskaraz, hitz egingo dugu zientziaz.
Zaila izan al da hizlariak topatzea?
J.L.: Ez da batere zaila izan. Eta hori izan zen jardunaldi hauek antolatzeko motibazio nagusietako bat. Gure inguruan puntako zientzia egiten duen jende asko ezagutzen genuela konturatu ginen. Debaren tamainako herri batentzat, harrigarria da kopurua; batez bestekoaren gainetik gaudela esango nuke, nahiz eta hori frogatu egin beharko genukeen...
Batek baino gehiagok sorpresa har dezake, agian, zuetako batzuk zientzialariak zaretela jakitean...
M.A.: Posible da, bai. Nahiko ezkutuan dago ogibidea eta, horrelako ekimenetan ez bada, zaila izaten da zientzialarien lana ezagutaraztea, baita zientziaren arlo ezberdinetan ikerketan buru-belarri diharduten ikerlariak ezagutzea ere. Horregatik, mota honetako dibulgazio proiektuek berebiziko garrantzia dute gure lana laborategietatik atera eta hura ezagutzera emateko.
Mattin Urbieta, Eider Aldalur, Maddi Astigarraga eta Jon Lafuente antolatzaile eta hizlariak Kultur Elkartean. Arg.: Erredakzioa
Aipatzen duzuen norabide horretan, egin egiten dira jarduerak, baina oraindik ere zientziak ez du tarte edo oihartzun handirik izaten hedabideetan. Gurean halako ekimenak antolatzea ere ez da oso ohikoa, ezta?
J.L.: Batzuetan zientziak merezi ez dituen konnotazio batzuk daramatza gizartean: ulertzeko zaila da, oso teknikoa, eta aspergarria. Baso bete zientzia bezalako jardunaldiak beharrezkoak dira zientzia kultura orokorraren parte dela erakusteko eta, abesti on bat entzutean gertatu daitekeen bezala, kontzeptu zientifikoak ulertzean ere edozeinentzako gozamena izan daitekeela ikusteko.
M.A.: Nire ustez, gaiarekiko interes urria duten pertsonengana iristea da zientzia-komunikazioak duen zailtasun handienetariko bat. Azken finean, gero eta informazio gehiago jasotzen dugu Internet bidez, mugikorrean, aldizkarietan... eta gizartean kultura zientifikoa hedatu ezean, aise sinetsi eta zabaltzen ditugu gezur horiek guztiak. Gizartean zientziaren fidagarritasuna edo sinesgarritasuna bermatzeko, beharrezkoa da ikerketen emaitzak ez ezik, zientzia jarduna bera ere ezagutaraztea. Eta horixe da Baso bete zientzia-ren balioa, egunerokotasunean ikerketan dabiltzan pertsonak zuzenean entzuteko eta beren ogibidea gertuagotik ezagutzeko aukera ematen baitu.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez, 'Otsailaren 11 erakusleihoak' egitasmoa egiten da Euskal Herrian, tartean Deban ere. Iaz, hamabi emakume zientzialari omenduen artean egon zinen zu zeu, Maddi. Nola hartu zenuen albistea?
M.A.: Pozgarria izan zen, baina, batez ere, jendearen eta eskolako haurren inplikazioa izan zen pozgarria. Egitasmo horren baitan, erakusleihoetan zientzialari baten irudia jartzen da, bezeroen artean emakume zientzialari horri buruzko solasaldiak sortuz eta zientziarekiko jakin-mina sustatuz. Nire kasuan, Luzaro ikastetxera ere egin nuen bisita ekimenaren harira. Eta bisita horri eta erakusleihoetan jarritako informazioari esker, nire lan jardunari buruzko informazioa emateko aukera izan nuen. Batek baino gehiagok hala ezagutu zuen nire ogibidea. Horrelako proposamenak oso baliagarriak dira zientzia gaiak eguneroko solasaldietan txertatzeko.
“Komunikazio proiektu eta hedabide ezberdinek argi utzi dute euskaraz ere hitz egin daitekeela zientziaz”
Maiatzeko hizlarietako asko ikerketa arloan zabiltzate. Zer garrantzi dauka zuen lana ere jendarteratzeak?
J.L.: Berebizikoa dela iruditzen zait. Hasteko, garapen zientifikorako finantziazio iturri nagusienetako bat erakunde publikoak dira. Jendeak jakin beharko luke zientzian egiten den inbertsioak zertarako balio duen, zer emaitza lortzen diren, eta zer onura ekartzen dituen gizartean. Bestalde, teknologiaz inguratuta bizi gara gaur egun, eta gobernuetan hartzen diren erabaki asko zientziarekin erlazionatuta daude. Adibide garbiak dira aldaketa klimatikoa edota duela gutxi bizi genuen pandemia. Gizarteari erremintak eman behar zaizkio hau guztia ulertzeko, eta iritzi osoago bat izateko.
Egitasmo honekin, publiko orokorrarentzat ulertzeko konplexuak diren gaiak ulergarri egitea da zuen asmoa. Zeintzuk dira hori lortzeko gakoak?
J.L.: Ez da batere erraza dibulgazio zientifiko ona egitea. Xehetasun teknikoen eta ulergarritasunaren artean oreka bilatu behar da, baina betiere zehaztasun zientifikoa mantenduz. Kontzeptuak ahalik eta gehien sinplifikatu behar dira, baina ez gehiegi. Konplexua den zerbait era efektiboan komunikatzeko, ulermen sakona beharrezkoa da, eta hor dago gure lana. Hori lortzea espero dugu.
Topiko asko dago: zientzia ulertzen zaila dela, astuna dela... Nola piztuko duzue herritarren interesa?
M.A.: Norberak bere gustuak ditu eta ulergarria eta logikoa da zientziaren inguruan interes eta iritzi ezberdinak izatea. Dena dela, zientzia-dibulgatzaileen lana izaten da hori modu erakargarrian aurkeztea. Kontuan izan dugu hori, bai, eta horregatik eman diogu garrantzia ekimenean parte hartuko dugunok bertakoak izateari, herritarren interesa piztu eta bertaratzera animatu daitezen. Gainera, solasaldi laburrak eta entretenigarriak prestatu ditugu, pintxo bat dastatu eta pote bat hartu bitartean disfrutatzeko.
Ariketa zaila al da zuentzat halako hitzaldi bat zuen herrian bertan ematea?
J.L.: Egia esan, niretzat behintzat, dibulgazio hitzaldi bat ematen dudan lehenengo aldia izango da. Bitxia da, baina munduan barrena kongresu zientifikoetan nire eremuko puntako zientzialariak entzule bezala izan ditudan arren, nahiko urduri nago nire kuadrillaren aurrean hitzaldi bat emateko.
“Beharrezkoa da ikerketen emaitzak ez ezik, zientzia jarduna bera ere ezagutaraztea ”
Zer lortu behar du hitzaldi sortak arrakastatsua izateko?
M.A.: Zaila izaten da zenbaitetan zientzia herritarren-gana gerturatzea. Ekimen honek horixe lortu nahi du, zientzia ardatz izango duen espazio bat partekatzea jakin-mina duen jendearen artean. Arrakastatsua izateko beharrezkoa da gerturatzen direnak, izan bost ala izan 50, gustura sentitzea eta zerbait berria ikasita joatea.
Jarraipenik izango al du egitasmoak aurrerantzean?
J.L.: Espero dugu hala izatea. Izan ere, badauzkagu buruan beste hainbat hautagai hizlari bezala proposatzeko. Polita izango litzateke datozen urteetan jardunaldiei jarraipena ematea eta Baso bete zientzia tradizio bihurtzea.