Deba-Palestina Herri Ekimenak deituta, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo da bihar (apirilak 26); Foruen Plazan izango da hitzordua, 19:00etan hasita. Herri Ekimeneko kideek jakitera eman dutenez, Palestinako genozidioa gelditu! lelopean egingo den mobilizazioa antolatzeko data ez dute "kasualitatez" aukeratu. Izan ere, egun horretan, 87 urte beteko dira Alemania naziko Kondor Legioko eta italiar faxisten Aviazione Legionariako hegazkinek Gernika suntsitu zutela.
Zehaztu dutenez, duela 87 urte izan zen gertaera "latz" hura gogora ekarriz, Palestinan gertatzen ari dena salatzeko aprobetxatu nahi dute deialdia. "Bi herriekin eta bi gertaerek sortutako minarekin bat egiteko ekintza berezi bat izango da. Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren testuinguruan, gure herriarentzat hain sinbolikoa den data honetan, inoiz baino ozenago agertu nahi dugu Palestinan bizitzen ari den genozidioa eteteko beharra". Herritar guztiak bihar "borobilean batuta" egingo duten elkarretaratzera gonbidatu dituzte eta, horrekin batera, ikur ezberdinak eramateko eskatu dute. "Ekarri zuen ikurrina eta bandera palestinarrak!".
Bandera eta txapa salmenta
Mobilizazioa 19:00etan hasiko bada ere, 18:30etik aurrera udaletxe azpiko arkupeetan izango direla aurreratu dute. "Bertan, Palestinako banderak eta txapak ere izango ditugu salgai". Aurrerago beste ekintza batzuk egiteko asmoa dutela esan dute. "Joango gara kontatzen".