Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak elkarlanean antolatutako irteerak 17,3 kilometroko luzera izango du eta, desnibel positiboa eta negatiboa kontuan izanda (695 metroko desnibel positiboa eta 758 metroko desnibel negatiboa), zailtasun ertainekoa izango dela jakitera eman dute. Markina-Xemeinen hasiko dute ibilaldia eta Mendarora bidean, Arnoatetik (406 metro), Kanpanzarretik (629 metro) eta Ormolatik ere igaroko dira mendizaleak.
Zehaztu dutenez, igandeko (apirilak 28) irteera bateratua Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurrenaren harira antolatutako Ehun urte, ehun mendi izendatutako ekintzaren barruan kokatzen da. Euskal Herriko geografia osoan banatutako 100 mendizale elkartek baino gehiagoko kideek zazpi probintzietako ehun tontor koroatuko dituzte asteburu honetan eta Deba, Mutriku, Ondarroa eta Markina-Xemeingo mendi taldeetako kideek Markina-Xemeindik Mendarora irteera egitea aukeratu dute. "Kanpanzarreko tontorrera heltzen garenean ehungarren urteurreneko banderak eskuetan talde argazkia aterako dugu, une hori betikotuz".
Irteeran parte hartzeko interesa daukatenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman behar dute; horretarako azken eguna osteguna (apirilak 25) da. Irteeraren prezioa 12 eurokoa da bazkideentzat, eta 15 eurokoa gainerakoentzat. Prezio horren barruan garraioa sartzen dela esan dute. Ohi modura, autobus zerbitzua ere egongo da. Igandean, 08:00etan abiatuko da autobusa estalitako pasealekutik. Debako mendizaleak jaso ondoren, Mutrikun (08:05) eta Ondarroan (08:15) ere egingo du geldialdia autobusak.