Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltako ekintza sorta berezia antolatu dute

Berriketan 2024ko api. 22a, 12:10

Bihar (apirilak 23) Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da, eta ospakizunekin bat eginda, egitarau berezia osatu du Debako Udalak, hainbat ekimenekin.

Adin guztietako herritarren artean irakurzaletasuna sustatu eta lantzeko asmoarekin, eta "irakurketa kultura eta jakintza aberasteko ezinbesteko tresna dela aitortuz", askotariko ekintzak iragarri ditu udalak. Besteak beste, Deba ehun hitzetan eta IV. Marrazketa eta Ilustrazio lehiaketen sari banaketak, mikrofono irekiko saio bat, liburu azoka, Mareak ikuskizuna eta Los reyes de la casa lana ardatz duen Irakurketa Klubaren saio bat antolatu dituzte datozen egunetarako.

Hain zuzen ere, bihar (apirilak 23), 11:30ean, udaletxeko areto nagusian egingo den IV. Marrazketa eta Ilustrazio lehiaketaren sari banaketarekin emango diote hasiera aurtengo egitarauari. Egun bererako, gainera, Deba ehun hitzetan literatur lehiaketaren sariak ere banatuko dituztela jakitera eman dute; 19:00etan izango da hitzordua, Ispiluen gelan.

Irakurketa Klubaren hitzordua

Ekintza nagusienak, bestalde, asteburuan burutuko dituzte. Larunbatean (apirilak 27), 11:00etatik 14:00etara, esaterako, mikrofono irekia, liburu azoka eta literatur bermuta izango dira Kultur Elkartean, "irakurzaleentzako topagune ezin hobea eskainiz". Tartean, gainera, Xabier Badiola bakarlariak ere kontzertua emango duela zehaztu dute.

Igandean (apirilak 28), ostera, Toti Martinez de Lezea idazlearen, Gorka Hermosa konpositore, musikari eta idazlearen eta Edurne Zabalo musikariaren parte hartzearekin osatutako Mareak ikuskizuna eskainiko dute Ispiluen gelan. Aurreratu dutenez, euskal kostaldeko emakumeak omentzen dituen "fusio musikal bat" da Mareak

Egitaraua biribiltzeko, Irakurketa Klubaren beste hitzordu bat izango da apirilaren 30ean, 19:00etan, liburutegian; Ainhoa Aldazabal literatur moderatzailearen gidaritzapean, Delphine de Vigan idazlearen Los reyes de la casa (Anagrama, 2022) obra aztertuko dute. Azpimarratu dutenez, "eztabaida literarioaren bat egiteko interesa duten guztiei" irekita dago saioa.

 

EGITARAUA

  • Apirilak 23, asteartea
    • 11:30. IV. Ipuin eta ilustrazio lehiaketaren sari banaketa, udaletxeko areto nagusian.
    • 19:00. Deba ehun hitzetan lehiaketaren sari banaketa, Ispiluen gelan.
  • Apirilak 27, larunbata
    • 11:00-14:00. Mikro irekia, liburu azoka, bermut literarioa eta Xabier Badiolaren kontzertua, Kultur Elkartean.
  • Apirilak 28, igandea
    • 19:00. Mareak ikuskizuna, Ispiluen gelan.
  • Apirilak 30, asteartea
    • 19:00. Irakurketa kluba, udal liburutegian.