Debako Udalak jakinarazi du Amillagako hilerria itxi egingo dutela eta bertan lurperatutako pertsonen errautsak Artzabalgo hilerrira eramango dituztela. Eta prozesu hori "uda ostean" egingo dela zehaztu du, "fase honetako prozedimendua amaitzean; hala, erantzuna emango zaio denboran luzatu den prozesuari".
Azaldutakoaren arabera, hain justu, lekualdaketa "ahalik eta modurik errespetuzkoenean eta ordenatuenean" egin nahian, udalak gutunak bidali dizkie Amillagan lurperatutako pertsonen senideei, "eta banakako edo taldeko lekualdaketa bat hautatzeko aukera" eman die. Horretarako, inprimaki berezi bat erantsi da korrespondentzian, eta inprimaki hori hainbat daturekin eta hautatutako lekualdatze aukerekin osatu beharko dute herritarrek.
Aukeratutako formularioa udaletxeko arreta bulegoan edo erregistro elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dute, behar bezala sinatuta, gutuna jasotzen denetik hogei egun naturaleko epean. "Senitartekoen aldetik lekualdatzeko lehentasunaren inguruko adierazpen zehatzik jasotzen ez bada, udalak gorpuzkiak lurpetik aterako ditu, erraustu eta errautsak kolunbario komun batean utziko ditu, tratamendu duina eta errespetuzkoa bermatuz", gaineratu dute.
Prozesuak behar duen "errespetua eta seriotasuna" bermatzeko konpromisoa azaldu du udalak eta, adierazi duenez, "prest dago edozein kontsultari erantzuteko edo familiei beharrezko laguntza emateko".