Ekintza ugari antolatu zituzten, baina horietan ikusgarriena eta jendetsuena surf, bodyboard eta longboard diziplinak uztartu zituen txapelketa herrikoia izan zen. "Dezenteko olatuak" eta uda giroko eguraldi ona lagun, 08:00etan itsasoratu ziren lehen lehiakideak; bertan parte hartu zuten 50 bat lagunek olatu artean duten abilezia erakusteko aukera paregabea izan zuten.
Surflariek eskainitako ikuskizunaz jende askok gozatu zuela eta skate libre saioetan ere jende ugari ibili zela azaldu dute Zurrunbilokoek. "Skatean aritzeko bi arrapala jarri genituen eta nahi zuten guztiek ohol bat hartu eta bertan ibiltzeko aukera izan zuten". Herriko hainbat musikarik eguerdi partean aparkalekuko oholtzan eskaini zuten kontzertuak ere herritar asko erakarri zituela gaineratu dute.
18:00ak aldera amaitu zen uretako ikuskizuna eta, jarraian, sari banaketa egin zuten. "Modalitate bakoitzeko lehenari txapela jarri genion, bigarrenari kopa bat eman genion eta hirugarren eta laugarren sailkatuei, berriz, domina bana. Yako eta Ipar surf eskoletako kideek surfean aritzeko oparitutako material guztia, gainera, txapelketan parte hartu zuten guztien artean zozkatu genuen". Bide batez, sari banaketa ekitaldia aurreko zuzendaritza batzordeko kideak omentzeko baliatu zuten. "Urtarrilean aldatu zen zuzendaritza batzordea eta aurreko hiru kideei aitortza egin eta oroigarri bat eman genien opari".
Iluntzeko karropoteo musikatuarekin eta bazkideen afariarekin biribildu zuten eguna. "40 bazkidetik gora elkartu ginen elkarte gastronomiko batean; adin guztietako jendea elkartu ginen, eta oso giro polita egon zen".
Balorazio ona
Zurrunbilo Egunari buruzko balorazio ona egin dute antolatzaileek eta eskerrak eman dizkiete txapelketan parte hartu zuten guztiei, baita hondartza inguruetan batu ziren zale guztiei ere. Ospakizuna posible egiten lagundu zuten guztien laguntza ere eskertu nahi izan dute Zurrunbilokoek. "Yako, Ipar, Itsas gain eta Debako Udalaren laguntza eskertu nahiko genuke eta, nola ez, eguerdia girotu zuten musikariei eta laguntzen aritu ziren boluntario guztiei ere eskerrak eman nahiko genizkieke".