Espainiako selekzioko jokalariak debut ona egin zuen BC1 kategorian (eskuekin edo oinekin jaurtitzen duten eta laguntzailea behar duten kirolariak). Sailkapen faseko hiru partidetatik bi irabazi ondoren, B multzoko lider bezala egin zuen jauzi finalerdietara.
Lehen partidan, 11-3 emaitzarekin erraz hartu zuen mendean Ana Miranda portugaldarra eta bigarrenean, berriz, 5-1 nagusitu zen Desiree Segarra selekzioko kidearen aurka. Hirugarren partidan, aldiz, ezin izan zuen Bat El Breitman Hacoen gainditu; 6-8 galdu zuen israeldarraren aurka.
Finalerdietan ere ondo moldatu zen Dordoka Klubeko jokalaria; 4-0 gailendu zitzaion Pielykh Yana ukrainarrari eta, horrenbestez, finalerako txartela bereganatu zuen. Finalean, baina, egungo Europako txapeldunak ezin izan zuen Dora Basic kroaziarra gainditu; gogor saiatu bazen ere, 2-3 galdu zuen.
Aukerekin
Nolanahi ere, BAT Basque Teameko kirolariak abuztuaren 28tik irailaren 8ra ospatuko diren Parisko Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko txartel bat lortzeko aukerari eusten dio oraindik ere.
Ranking bidez sartzea da duen aukera bakarra, baina txartela ziurtatuta duen ala ez jakiteko, ekainaren 3ra arte itxaron beharko dela zehaztu dute.