Debako Udalak Pauso Berriak programarekin duen lankidetza sendotu du eta, horren harira, programa horretan parte hartzen aritu den Elene Turrillasen eskutik diploma bat jaso du Alazne Txurruka alkateak; diplomak, zehazki, Turrillasi udalean eskaini zaizkion "laguntza eta aukerak" eskertzen ditu eta, aldi berean, aniztasun funtzional intelektuala duten pertsonak "gizarteratzeko eta lan munduan barneratzeko egindako ekarpena" ere aitortzen ditu.
Pauso Berriak programari esker, Turrillasek udaleko hainbat sailetan praktikaldia egiteko aukera izan du. 2023ko uztailean, gainera, herritar horrekiko hartutako konpromisoa sendotzea erabaki zuen udalak, eta Zerbitzu Okupazionalaren formularen bidez, garatzen jarraitzeko aukera izan du.
Alkateak ere bere esker ona adierazi dio Turrillasi "erakutsi duen dedikazioagatik eta gogoagatik" eta, baita, Pauso Berriak egitasmoari ere, "proiektu inklusiboak garatzeko" egin duen funtsezko ekarpenagatik. "Elene Turrillasi hasieratik erakutsi duen prestutasuna eta gogoa eskertzen diogu bereziki eta, era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu Pauso Berriak ekimenari horrelako proiektu baliotsuak sustatu eta gauzatzeagatik, gure gizartea aberastu eta laneratzeko bideak irekitzen dituelako".
Zertan datza Pauso Berriak programa?
Atzegi eta Gureak elkarteek lan munduratzea sustatutako programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartua dago. Aniztasun funtzional intelektuala dutenei zuzendutako egitasmoa ohiko merkatuko Zerbitzu Okupazionalaren barruan kokatzen da eta helburua da kolektibo horretako pertsonak euren garapen pertsonal eta soziala ahalbidetuko duten lanpostuetan txertatzea. Gaur egun, eta enpresarekiko sare-lanaren bidez, garapen pertsonala, soziala eta lanekoa bilatzen ditu programak. "Bertan, lankideek, familiak, prestatzaileek eta programako teknikariek parte hartzen dute, pertsonek beren gaitasunetara egokitutako zereginak egin ditzaten eta beren lan-ingurunean benetako inklusioa izan dezaten".