Martxan da 17. Animadeba eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, aurtengo hitzordua "indartsuagoa" izan dadin, lanean hasita daude dagoeneko. Irailaren 4tik 7ra bitartean egingo da jaialdia, eta "berrikuntzekin" datorrela adierazi dute.
Azken edizioan egin zitzaion harrera beroaren ondoren, hain zuzen, Animadebak "erreferentziazko jaialdi" gisa hazten eta sendotzen jarraitu nahi du, "zinemagileen, animazioaren industriaren eta ikusleen topagune bihurtuz". Azaldu dutenez, bada, "edizio berri honetan, lehiaketa ofizialarekin batera, programazio gehigarri osoarekin itzuliko gara, hala nola Case Study, Work in Progress, kontzertuak eta Animadeba LABen tailerrekin, teknologia berrien eta bideojokoen munduan arreta berezia jarrita".
Martxoaren 1az geroztik zabalik dago aurtengo ediziorako animaziozko film laburrak inskribatzeko deialdia, eta maiatzaren 1ean itxiko dute epea. Filmfreeway plataformaren bitartez eman behar da izena. Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.