Arbil Elkarte Sozialeko zuzendaritza taldeko kideak jarduera fisikoa eta xendazaletasuna sustatzea helburu duen ibilaldi bat antolatzen saiatzen dira hilabetero eta, oraingo honetan, Mutrikuko Saturraran hondartzatik abiatu eta Berriatuan amaituko den txango bat egitea proposatu dute. Bihar (apirilak 11) izango da irteera eta bertan parte hartzeko interesa dutenek ez dute aurrez izenik eman beharko; 09:40ean pasealeku estali parera gerturatzea nahikoa izango da, izan ere, ordu horretarako autobusa hartu eta Mutrikuko Mijoa auzoko geralekuan jaistea da asmoa.
Autobus geralekua atzean utzita, Saturraran hondartzarantz abiatuko direla esan dute eta, handik, Errege Bidea deritzonetik zehar Berriaturanzko bideari ekingo diotela. Antolakuntzatik azaldu dutenez, 7 kilometro inguruko ibilaldia egingo dute, bide "sinple eta lau" batetik zehar; aurreikusitakoaren arabera, bi ordu azpitik (ordu bat eta 45 minutu inguru) egin ahal izango dela gaineratu dute.
Berriatura iristean, ordu erdiko maiztasunarekin Bilbotik Ondarroarantz abiatzen den autobusetako bat hartuko dutela adierazi dute eta behin, Ondarroan, atseden eta zerbait hartzeko denbora izango dela ere iragarri dute. 14:10ean hartuko dute bueltako autobusa eta 14:30erako Debara iristea espero dute. "Mugi eta Barik txartelak baldin badituzue, ez ahaztu horiek ekartzea", gomendatu dute.