Zabalik dago Emakumea* Surflari ikastaroan izena emateko epea

Berriketan 2024ko api. 10a, 11:55

Ikastaroa apirilaren 15etik ekainaren 2ra bitartean egingo da eta zazpi saio izango ditu guztira. Izen-ematea apirilaren 12ra arte egongo da zabalik.

Udal iturriek jakinarazi bezala, abiatzear den ikastaroa 16 urtetik gorako emakumeei* zuzendua dago eta, bertan, surfari buruzko oinarrizko ezagupenak lortu, ur kirolez gozatu eta konfiantza, ahalduntzea eta autonomia moduko gaitasunak lantzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Apirilaren 15ean hasiko da ikastaroa eta ekainaren 2ra arte iraungo du. Zazpi saio egingo dira orotara, eta bi maila egongo dira aukeran (partaideen ezagutza mailaren araberakoak). Astearteetan eta ostegunetan egingo dira saioak, 17:30etik 19:30era bitartean, eta gehienez ere sei lagun egongo dira talde bakoitzean. Ohartarazi dutenez, "norberak bere neoprenoa eraman beharko du, eta hastapen-mailetarako kortxo-taulak erabilgarri egongo dira, baina gainontzekoek norbere taula ebolutiboa edo gogorra eraman beharko dute".

Ikastaroa egin ahal izateko, 150 euro ordaindu beharko dira (asegurua barne). Nolanahi ere, deskontu ezberdinak izateko aukera ere badago: langabezian dauden emakumeentzat* eta 60 urtetik gorakoentzat, adibidez, deskontua %30ekoa izango da; eta egoera ahulean dauden emakumeentzat*, aldiz, %100ekoa (DBE/RGI laguntzen onuradunak, indarkeria matxista jasan dutenak... gehienez ere sei lagun).

Apirilaren 12an bukatuko da izena emateko epea. Horretarako, interesa dutenek turismo bulegora jo dezakete zuzenean, eta 943 19 24 52 telefono zenbakira deituta edo turismoa@deba.eus helbidera idatzita ere egin daiteke izen-ematea. Informazio gehiago (eta izen-emate orria) hemen.