Ibai ondoko hagin okerrak talde debarreko kideek hilabeteak daramatzate batera entseatzen, abestiak sortzen eta grabatzen, eta egiten duten musikaren aurrerapen txiki bat ere ezagutarazi dute gaurko (apirilak 5) kontzertuaren iragarpen bezala. Rock and roll izena jarri diote zabaldu berri duten bideoklipari, baina, aurreratu dutenez, hori eta gehiago entzuteko aukera izango da 20:00etatik aurrera eskainiko duten zuzenekoan. Besteak beste, Itxaropenaren blusa, Altxa lagun, Sareetako errege, Txakur busti, White pistol water, Ihesi... entzuteko aukera izango dute hondartzako Ondargain tabernara gerturatzen diren zaleek.
Jakitera eman dutenez, 2019ko udan Jazzez Blai jaialdiaren baitan Debako Gaztetxean burutu zen blues ikastaro baten ondorioa da proiektua eta, gaur egun, Borja Malabek (ahotsak eta baxua), Martin Loresek (ahotsak eta armonika), Xabi Loresek (gitarra) eta Samuel Eliasek (bateria) osatzen dute Debarock Kolektiboaren baitan sortutako laukotea. Honela aurkezten dute euren burua: "Musikaz ikasi, baina, batez ere, ondo pasatzea helburu duen lagun taldetxo bat gara".