Zuzendaritza batzorde berria eratu zenetik, etenik gabe lanean dihardute Arbil Elkarte Sozialean. Hilero bezala, martxoan ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Martxoaren 7an, adibidez, ibilaldia egin zuten Soraluzetik Bergarara. Hilaren 13an, erretiroari eta pentsioei buruz hausnartzeko mahai-ingurua antolatu zuten eta "primeran" joan zela esan dute, 85 bat lagun bildu baitzituen Eduardo Garciaren eta Pako Salegiren solasaldiak. Martxoaren 21ean, aldiz, Gasteizko hirigune historikoa, Santa Maria katedrala edota Fournier Karta Museoa ezagutzeko irteera egin zuten.
Apirilean ere hainbat ekintza egingo dituzte: ibilaldia Saturraranetik Berriatuara (hilaren 11n), minbiziari eta Nagusilani buruzko hitzaldiak (hilaren 17an eta 23an, hurrenez hurren) eta Kantabriara irteera (hilaren 25ean).