2.800 lekuko-aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun zein 10 gau igaro ondoren, 23. Korrikak igandean amaitu zuen bere ibilbidea, Irundik Baionara. Eta antolatzaileak pozarren azaldu ziren biharamunean, "inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena" lortu dela nabarmenduta, "herria harro egoteko modukoa".
Ildo beretik mintzatu da, bada, Deban Korrika antolatzeko ardura izan duen taldea bera ere; pozik eta esker onez azaldu da herritarrek azken asteotan egindako lanarekin eta orokorrean euskararen aldeko ekimenari emandako sostenguarekin.
"Ederra izan da. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, modu batean zein bestean Korrikan parte hartu duzuen guztioi. Batzordean lanean aritu direnei, lasterketa martxan jarri arteko Korrika Kulturalean parte hartu dutenei, ekarpen ekonomikoa egin dutenei, Korrikaren lekukoa eramateko prest agertu diren 31 eragileei, lasterketan ikusle gisa edo modu aktiboan parte harte dutenei... Laburbilduz, eskerrik asko Korrikaren parte izan diren guztiei! Eta mila esker, nola ez, Korrikan parte hartzeaz harago, gure herrian 365 egunez euskararen alde lanean diharduten eta horretan jarraituko duten guztiei".