IRITZIA

"Zergatik da ukiezina Israel palestinarren aurkako genozidioan?"

Deba-Palestina Herri Ekimena 2024ko mar. 28a, 10:00

Hona hemen herriko taldeak Berriketan herri aldizkarian argitaratutako kolaborazioa:

Segurtasun-industriari eta industria militarrari dagokionean Israelek mendebaldearekiko duen mendekotasunak Palestinako genozidioaren aldeko lankide eta konplize bihurtu gaitu.

Europako inteligentzia eta arlo militarreko zerbitzuetako asko Israelekin zuzenean lotuta daude. Espainian, Israelgo enpresa militarrek eta segurtasun-enpresek produktuak eta zerbitzuak ematen dizkiete Estatuko indar armatuei eta segurtasun-indarrei, baita Ertzaintzari eta Mossos d'Esquadrari ere. Zaintza-zerbitzuak dituzten portu, aireportu eta azpiegitura kritiko asko enpresa israeldarrek hornitzen dituzte. Izan gogoan Pegasus auzia.

Palestinako lurralde okupatuetan probatutako eta etiketarekin iragarritako arma israeldarrak erabiltzen ditu Espainiako armadak. Gainera, enpresa espainiarren filial edo partzuergoen bitartez, Israelgo industria militarrak era guztietako hornidura- edo mantentze-kontratuak egiten ditu Espainiako enpresekin.

Babes politikoaren eta diplomatikoaren garrantzia

Israelentzat ezinbestekoa da laguntza militarra, batez ere AEBetakoa eta Alemaniakoa, eta jasotzen duen babesik garrantzitsuena politikoa eta diplomatikoa da: pribilegioak ematen dizkiote, kritikak isilarazten dituzte, ez diote eskatzen armamentuaren kontrolari eta erabilerari buruzko nazioarteko akordio bat bera ere berrestea, eta NBEren Segurtasun Kontseilua erabiltzen dute kondenei betoa jartzeko eta Nazio Batuen Erakundearen aginduak ez betetzeko. Horrez gain, Israeli Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpenak ez betetzeko babesa ematen dioten herrialde horiek berak dira (AEB eta Alemania, esate baterako) UNRWAri laguntza emateari uko egin diotenak. Horrela gazatarrak gosez eta gaixotasunez heriotzara eramanez.

"Genozidioaren konplize gara eta, Nazio Batuek eta Europako herrialde gutxi batzuek kritikatu badute ere, inork ez du Israel zigortzen"

Israel, AEB eta EBren arteko interes komertzialak ikaragarriak dira. CAF, Carrefour eta Cardumen Capital lagin bat baino ez dira Euskal Herrian. Cardumen Capital III-k doitasunezko nekazaritzan, bioestimulatzaileetan, 4.0 nekazaritzan eta proteina alternatiboetan inbertituko du Israelgo goi mailako teknologia, Basque Culinary Centerrekin lankidetzan.

Israelek bere enpresa guztiak, militarrak eta segurtasunekoak, eta bere lobby-ak erabiltzen ditu kontrol tresna gisa, genozidio baten aurrean ere bere aurkako kritikak galaraziz.

Israelek kritika guztiekiko duen oldarkortasunak (izan NBEren idazkari nagusiarenak, edozein presidente-renak, unibertsitateko errektoreenak edo aktoreenak...) nazioarteko komunitatean autozentsura eragitea bilatzen du, kritikak egiten dizkionak ederki ordainduko duela ohartaraziz. Hartara, AEBetako, Frantziako, Erresuma Batuko edo Alemaniako gobernuek antisemitismotzat jotzen dituzte Israelgo Estatuaren aurkako kritikak, eta Palestinako banderak debekatu egin dituzte; Nazio Batuetan, berriz, 2019az geroztik, bertako 193 estatuetatik 139k eta kide ez diren bi estatuk Palestinako Estatua onartzen eta aitortzen dute.

Gakoa: Israel AEBetako eta EBko plataforma bat da Ekialde Hurbilean, petrolio-eskualde hori kontrolatzeko, eta zigorrik gabe geratzen dira bere krimenak.

Genozidioaren konplize gara eta, Nazio Batuek eta Europako herrialde gutxi batzuek kritikatu badute ere, inork ez du Israel zigortzen.