Sinadura bilketa abiatuko dute, "liburutegiko arautegia eskakizun berrietara egokitzeko" eskatuz

Berriketan 2024ko mar. 26a, 09:32

Apirilaren 11tik aurrera sinadurak batzen hasiko direla iragarri dute Liburutegia Denontzat Taldeko kideek.

Udal liburutegiko araudia berrikustea eta orain arte egin dituzten proposamenak aintzat hartzea eskatzen dihardute hilabeteotan, eta taldearen eskaerak "babes zabala duela erakusteko" hasiko dira sinadurak eskatzen.

Aipatu dute otsailaren 8an ordezkari politikoekin eta liburutegiko teknikariarekin bildu zirela, eta otsailaren 20an Herritartasun Batzordean aztertu zutela gaia, "baina gaur-gaurkoz ez da aldaketarik egin arautegian".

Nabarmendu dutenez, "denon liburutegia sortzeko bidea hasi nahi dugu, proposamen eta behar berrietara egokitutako liburutegia. Haur, gazte, heldu eta adinekoen beharrak aintzat hartzen dituen liburutegia. Erabiltzaileok liburutegia behar dugun bezala behar ditu liburutegiak erabiltzaileak".

Erabiltzaile horien artean daude umeak eta haien zaintzaileak, baina kexu dira arautegiak "hainbat muga" ezartzen dituelako. "2 urtetik beherako umeak ezin dira haur liburutegian egon; umea besoetan, motxilan edo karroan duen erabiltzaile heldua ezin da helduen liburutegian egon; 2-6 urte bitarteko haurrek ordutegi mugatua dute (16:30etik 17:30era); eta adin desberdinetako anai-arrebak ezin dira elkarrekin egon liburutegian adin tarte bakoitzari ezarritako ordutegia dela eta. Horregatik eskatzen dugu arautegia eskakizun berrietara egokitzea; liburutegiaren hobekuntza proposatzen dugu, bada".

Hiru eskaera egingo dituzte sinaduren bitartez: "0-2 arteko umeek liburutegian egoteko aukera izatea (erabiltzaile izatea); umeek beste erabiltzaileen ordutegi berdina izatea; eta umeak eramateko kotxeei dagokienean malgutasuna izatea liburutegira sartzeko garaian (pilaketarik ez badago, edota premiazkoak diren egoeretan —umea oraindik bere kabuz ez dabilenean, umea kotxean lo badago— umeen karroak sartzen uztea)".