Oihana Esnaola herri ekimeneko ordezkariak egin zuen mozioaren irakurketa eta herri ekimenaren izenean salatu zuenez, "heriotza eta suntsipena" dira nagusi Gazan eta Palestinako beste hainbat eremutan. "Israelgo gobernuak 30.000 pertsona inguru hil ditu gaurdaino eta beste milaka pertsona zauritu eta lekualdatu. Okupazioaren ondorioz, ur, janari, erregai eta medikuntzarako horniduraren faltaren eta deshidratazio larriaren ondorioz hiltzen ari dira". Gaineratu zuenez, Israelgo soldaduek herri, auzo eta azpiegitura asko suntsitu eta hondakin bihurtu dituzte.
Udalbatzako zinegotzien zein mozioa babestera joan ziren herritarren txalo artean amaitu zen testuaren irakurketa eta, jarraian ekin zioten bozketari. Aipatu bezala, alderdi guztiek azaldu zuten testuarekiko adostasuna. Herri ekimeneko kideak "pozik" agertu ziren, izan ere "ezinbestekoa" iruditzen zitzaien Debako Udalak Palestinaren egoerari buruzko "kezka" bere egitea, eta Israelgo Estatua egunez egun egiten ari den "nazioarteko zuzenbidearen urratze larria" salatzea.
Zazpi puntu
Zazpi puntuko mozio proposamena onartu ostean, hainbat konpromiso hartu ditu udalak. Besteren artean, Debako Udalak "irmotasun osoz" arbuiatuko ditu Israelgo Estatua Gazan zein Palestinako beste lurraldeetan egiten ari den ekintza militarrak. Tokiko erakundeak, gainera, Palestinako herriari "erabateko elkartasuna eta estimua" adieraziz, erasoak "berehala" gelditzeko eskatuko du, baita Israelgo armada Palestinatik erabat erretiratzea ere.
Palestinako elkarte zibilek luzatutako deialdiarekin bat eginda, bestalde, Israeliko boikot, desinbertsio eta zigorrekin bat egiteko konpromisoa ere hartu du udalak. Hau da, konpromisoa hartzen du Israelgo jatorria duten produktuak baztertzeko eta Israelgo enpresekin kontrataziorik ez egiteko. Onartu diren neurrien artean, larrialdi humanitariorako diru-laguntza bat ere bideratuko da udaletik. Laguntza hori, zehazki, Gernika-Palestina elkartearen bidez bideratuko da Palestinara.
Testua bere eginda, bestalde, udalak Eusko Jaurlaritzari eta, horren bidez, Europako Batasunari eskatuko dio, Palestinari "beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa" eskaintzeko. Neurri berean, "ahalik eta azkarren antolatzeko eta eraso militar horretatik erator daitezkeen errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko" eskatuko die Europar Batasunari, Espainiako Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari. Halaber, konpromisoa hartu du harrera duin bermatuko duten espazioak eskaintza haur eta heldu palestinarrei.
[Irakurri HEMEN testua osorik]