Magic The Gathering txapelketaren beste edizio bat hartuko du Kultur Elkarteak

Berriketan 2024ko mar. 22a, 12:53

Magic magoen arteko bataila irudikatzen duen rol karta-jokoaren txapelketa larunbatean (martxoak 23) izango da. Ohi bezala, hainbat sari egongo dira jokoan.

Debako Magic Taldeko eta Kultur Elkarteko kideen ekimenez, Magic karta-jokoaren beste txapelketa bat izango da Deban. Larunbatean (martxoak 23) Kultur Elkarteko liburutegian jokatuko den norgehiagoka, zehazki, herrian antolatutako hirugarrena izango da.

10:00etan hasiko da lehia, eta azaldu dutenez, oraingoan ere pauper formatuan ariko dira jokalariak. "Edozein bildumatan kaleratutako karta arruntekin jokatu beharko da". Gaineratu dutenez, parte hartzaileek idatziz eraman beharko dute erabili nahi duten karta-sortaren zerrenda. Nahiago dutenek, zerrenda hori posta elektronikoz (debakomtgtaldea@gmail.com) bidaltzeko aukera ere izango dute.

Parte hartzeko interesa dutenek ondorengo estekan sartuta izena eman dezakete. 5 euro ordaindu beharko dira parte hartzeko eta, aurreratu dutenez, ordainketa egunean bertan egingo da, txapelketa hasi aurretik. Ohi bezala, askotariko sariak izango dira jokoan. Lehen lau sailkatuek jasoko dituzte sariak, baina hamasei jokalari baino gehiago batzen badira, sariak lehen zortzirentzat izango direla iragarri dute.