Debako Kultur Elkarteak Ostolaza Sarien lehendabiziko edizioko sariak banatuko ditu maiatzaren 11n. Zehaztu dutenez, Bazkidearen Eguna ospatzeko antolatuko duen egitarauaren baitan banatuko dituzte sariak eta horietarako hautagaitzak aurkezteko epea amaitzear dagoela gogorarazi dute. Hain zuzen ere, bihar (martxoak 22) da horretarako azken eguna. Azpimarratu dutenez, edozein herritarrek proposatu ahal izango ditu hautagaiak.
"Udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren edo erakundeen lana aitortzeko eta aintzatesteko" sarietarako batera proposamenak egiteko interesa dutenek Interneten dagoen honako formularioan sartuta egin dezakete. Formulario horren baitan daude deialdiaren oinarriak eta informazioa ere. Jarraian agertzen den aurkezpen bideoan ere azaldu dituzte ekimenaren nondik norakoak.