Debako Ostolaza udal liburutegiko Irakurketa Klubak berriro elkartzeko hitzordua ezarri du biharko (martxoak 20). Arduradunek jakitera eman dutenez, Karmele Jaio idazle gasteiztarraren bi lan aukeratu dituzte urteko hirugarren saiorako. Bertaratzen diren irakurzaleek, zehazki, gasteiztarraren Maitasun kapitala (Elkar, 2023) azken eleberria eta Orain hilak ditugu (Elkar, 2015) poesia liburua aztertuko dituzte Asier Serrano literatur moderatzaile eibartarraren gidaritzapean.
Literaturari buruzko saioa, ohi bezala, 19:00etatik 20:30era izango da. Liburutegian bertan egingo duten solasaldia irekia dela gogorarazi dute eta bihar landuko diren bi lan horiei buruzko ideiak eta ikuspegiak partekatzeko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte. "Parte hartzaileak idazlearen unibertso literarioan murgilduko dira, moderatzailearen gidaritzapean".
Izen-ematea
Saioan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udal liburutegian, 943 19 25 60 edo 697 44 40 47 telefono zenbakietara deituta, edo ostolaza@deba.eus helbide elektronikora idatzita. Landuko diren eleberria eta poesia liburua, bestalde, norberak eramatea eskatu dute.
Landuko diren lanei buruzko sinopsia:
- Maitasun kapitala (Elkar, 2023). Eleberri honek Olgaren istorioa kontatzen du. Olga bere maitale Martinen hiletara joaten da eta bertan dela, berarekin bizi izandako pasio sutsua gogoratzen du, gizonak duela urtebete utzi zuen arte. Oroitzapenetan murgilduta, Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat bazuen ere, maitasunarekin beti izan duen kontraesana.
- Orain hilak ditugu (Elkar, 2015). Poesia liburua da hau eta hainbat gai jorratzen ditu: denboraren igarotzeak sortzen duen mina, galdutako pertsonek utzitako hutsunea, desiraren itzaltzea, egunerokotasunaren gazi-gozoak… poesiak behar duen estilo fin, landu baina aldi berean hurbil batekin.