23. Korrika bihar iritsiko da Debara; Mendarotik sartuko da gure udalerrira, 13:28an, eta zazpi kilometroko ibilbidea egin ondoren, 14:11 inguruan hartuko du Mutrikurako bidea. Edizio honetan ere ekimenaren aldeko ekarpena egin nahian, Zuhatzak kilometroa erosi du, lekukoa eramateko tarte bat erreserbatuz. Eta, beste behin ere, zuhatzakideei eman die Korrikaren lekukoa elkartearen izenean eramateko aukera.
Euskara elkarteak 13:55 inguruan hartuko du lekukoa, herrigunean bertan; KZgunetik Lersundi kalearen hasierara arteko (Trekuko pibotera arteko) tartea egokitu zaio eta 50 bat metroan eramango dute lekukoa Ainara Aranberrik eta Jone Eskuderok. Horiek hala, haiekin batera korrika egiteko deia egin die Zuhatzak bazkide, euskaltzale eta herritarrei guztiei.