Asteazkenean, (martxoaren 20an) iritsiko da aldarrikapena eta festa batzen dituen Korrikaren 23. edizioa gurera eta, motorrak berotzen joateko, Debako Korrika Batzordeak antolatutako egitarau oparoaz gozatzeko aukera egon da asteburuan. Batzordeko kideen esanetan, jende asko batu dute "giro ederrean" egin diren ekintzek.
Ostiralean (martxoak 15) Arrano Elkartean egin zen bertso afarian, esaterako, 40 pertsona inguru batu ziren Aitor Zubikarai, Antton Aizpurua eta Manex Astigarraga bertsolarien saioaz gozatzeko. Larunbatean (martxoak 16), berriz, Harro Herri Eguna ospatu zuten herriko kaleetan zehar; herriko hainbat eragileren elkarlanari esker, musikaz eta dantzaz girotutako egun osoko egitarauarekin gozatu ahal izan zuten herritarrek (egunak lagatako irudiekin osatutako bideoa behean ikusgai).
Eguerdi partean, kaleak musikaz eta kantuz alaitzen ibili ziren Debako Musika Bandakoak eta Aitzuri Abesbatzakoak. Iluntze partean, berriz, Harro Herri plazajira deituriko ekintza egin zuten. Gure Kaiko dantzariek eta Kalez Kale txistulariek plazarik plaza egindako geldialdietan, esaterako, dantzara gonbidatu zituzten herritarrak. Bertan parte hartu zutenak gustura aritu ziren Txulalai, Zazpi jauziak, Esku-dantza eta bestelako dantza herrikoiak dantzatzen. Kulunkakoek, bestalde, bi koreografia motz eskaini zituzten Berasaluze eta Foruen plazetan egindako geldialdietan.
Beste bi ekintza
Kultur Elkarteko plazatxoan argazkia ateratzeko deialdiak ere erantzun zabala izan zuen; aurtengo pankartak hartuta, jendetza batu zen. Alex Turrillasek eta Hektor Aldalurrek plaza berean emandako kantaldiarekin amaitu zituzten eguneko proposamenak.
Asteburuari amaiera emateko, beste bi ekintza egin ziren igandean (martxoak 17); goizean, Iruleak taldeak antolatutako pala txapelketa mistoa egin zen eta, arratsaldean, Bizkarsoro filmaren azken emanaldia izan zen Kultur Elkartean.