Beste urte batez, Lesboseko (Grezia) kanpalekuetan dauden errefuxiatuentzat jakiak biltzeko kanpaina abiatu du Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Aurtengoa, hain zuzen, Zaporeak erronkaren seigarren edizioa da eta, aurrekoetan legez, bi fase izango ditu. Gaurtik (martxoak 18) ostiralera (martxoak 22) bitartean gauzatuko den lehenengo fasean, esaterako, elikagaiak bilduko dituzte eskualdeko herri guztietan.
Herriz herri jaso behar dena zehaztu ondoren, honakoak dira Lesboseko larrialdi egoerari berehala erantzuna emateko behar dituzten elikagaiak:
- Arroz luzea: Deban, Ermuan eta Soraluzen jasoko dute.
- Hodi erako makarroia: Mallabian eta Mendaron jasoko dute.
- Dilista pardina: Eibarren jasoko dute.
- Garbantzu pedrosillanoa: Elgoibarren jasoko dute.
- Arraina kontserban: Mutrikun jasoko dute.
Debari dagokionez, arroz luzea jasoko dutela iragarri dute. Herritarrek, zehazki, Luzaro ikastetxera eta Lizaso eta Eroski supermerkatuetara eraman ahalko dituzte arroz paketeak. Ostiralean (martxoak 22), gainera, udaletxe azpiko arkupeetan ere janaria biltzen egongo direla jakitera eman dute; 18:00etatik 20:00etara ipiniko dute mahaia.
Tuper solidarioa
Erronkarekin amaitzeko, bestalde, Tuper solidarioa deritzon ekintza gauzatuko dute Eibarren. Larunbatean (martxoak 23), 14:00etatik 15:00etara egingo da ekintza Errebal Plazan, eta parte hartzen duten guztien artean artelanak eta bazkariak zozkatuko dituzte.
Gaur egun, Zaporeak elkartekoek 3.000 otordu inguru prestatzen dituzte Lesbosen kudeatzen dituzten sukaldeetan eta azaldu dutenez, aurreko urteetan jasotakoa gainditzea da aurtengo helburua. 25.000 kilogramora iristea eta hilabete batez sukaldean aritzeko behar den guztia bildu ahal izatea da asmoa. Bestalde, ekarpen ekonomikoak egiteko kontua ere zabaldu dute Zaporeak elkartekoek: ES53 2100 2724 8101 0066 3988.