Aldarrikapena eta festa batzen dituen 23. Korrika Debara heltzeko egun gutxi batzuk baino ez dira falta. Atzo (martxoak 14) eguerdian hasi zen Irunen AEKren ekimen erraldoia eta, 10 egunez eta 11 gauez, gelditu ere egin gabe, Euskal Herriko txoko ugari zeharkatuko ditu. Euskararen aldeko lasterketa herrikoia, zehazki, datorren asteazkenean (martxoak 20) iritsiko da gurera, baina aurretik, ohikoa den bezala, girotzen joateko hamaika jarduera antolatu ditu Debako Korrika Batzordeak.
Korrika Kulturaleko ekitaldiak hasita daude gurean eta, egunotan izan diren hitzorduez gain, Harro Herri Eguna ere ospatuko dela jakinarazi dute. Herriko hainbat eragileren elkarlanari esker, musikaz eta dantzaz girotutako egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako (martxoak 16). Hona hemen egitaraua:
- 12:00-14:30. Korrikaren peto eta banderolen salmenta, udaletxe azpiko arkupeetan.
- 12:15. Debako Musika Bandaren kalejira, Plaza Zaharretik.
- 13:00. Aitzuri Abesbatzaren kalejira, Foruen Plazatik.
- 19:00-20:30. Harro Herri plazajira (kultur emanaldi laburrak herriko plazetan).
- 19:00etan Simon Berasaluze Plazan: Dantza saio herrikoia Gure Kai EDT eta Kalez Kale txistularien eskutik eta Kulunkaren dantza erakustaldia.
- 19:30ean Plaza Zaharrean: Dantza saio herrikoia Gure Kai EDT eta Kalez Kale txistularien eskutik.
- 19:50ean Foruen Plazan: Dantza saio herrikoia Gure Kai EDT eta Kalez Kale txistularien eskutik eta Kulunkaren dantza erakustaldia.
- 20:10ean Kultur Elkarteko plazatxoan: Argazki herrikoia eta Hektor Aldalurren eta Alex Turrillasen kontzertu akustikoa.
Pala txapelketa mistoa eta film emanaldia
Igandean (martxoak 17) ere izango da ekimenik gurean. Goizerako, pala txapelketa mistoa antolatu dute. Aldats pilotalekuan izango den txapelketan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, 685 75 50 74 telefono zenbakira mezu bat idatzita. Azpimarratu dutenez, izen-ematea doakoa da. 19:00etan, azkenik, Bizkarsoro filma proiektatuko dute Kultur Elkartean (gaztelaniazko azpitituluekin).