Euskal Trenbide Sareak (ETS) jakinarazi du Zarautz eta Zumaia arteko tren zerbitzua berriz abiatuko dutela datorren larunbatean, martxoaren 16an. Zerbitzua itxita egon da 2023ko uztailaz geroztik, Meagako tunelean izandako luizi baten ondorioz. Hasiera batean hilabete eta erdiko etenaldia izango zela aurreikusi bazuten ere, zortzi hilabetez luzatu da azkenean.
ETS azpiegitura hobetzeko lanak egiten ari zen Meagako tunelean luizi bat gertatu zenean, eta horrek eten du bi herrien arteko tren zerbitzua zortzi hilabetez. Azaldu dutenez, "luiziak ezegonkortasuna eragin zuen tuneleko harlangaitzezko estalduran. Lehen fasean, Zarautz aldetik bakarrik egin zitzaien aurre konponketa-lanei, makinentzako sarbide hobea baitzuen. Zundaketa gehigarriak eta euste-lanak egin ondoren, bigarren talde batek euste-lanak egin zituen Zumaia aldeko tunelaren ahotik, eta, horri esker, epeak pixka bat murriztu ahal izan dira, dagoeneko amaituta dauden trenbideko eta instalazioetako lanak hasi aurretik".
Horrez gain, Urola ibaia zeharkatzen duen zubian ere egin ditu Euskal Trenbide Sareak konponketak: aurreko trenbide zeharra eta katenaria kendu zituzten; egitura konpondu, dardararen aurkako manta berezia jarri, drainatzeko sarea kokatu eta trenbidearen egitura handia eta katenaria muntatu dituzte bueltan. Gainera, San Migel eta Meagako tuneletako trenbidea ere aldatu dute.
Ia hiru kilometro eta erdiko bidea berritu dute, tarte horri dagozkion katenaria- eta komunikazio-instalazioak barne. Eta, lan horiek guztiak egin ondoren, larunbatean trenez bidaiatu ahalko da berriro Zarautz eta Zumaia artean.
Zortzi hilabeteotan bidaiariek autobusean egin dute bi herri horien arteko ibilbidea. ETS Euskal Trenbide Sareak barkamena eskatu die erabiltzaileei, sortutako eragozpenengatik.