Alaitz Eskudero debarra kide duen Neomak taldeak sortu du Herri Urratsen 41. edizioko abestia eta dagoeneko aurkeztu du, bideokliparekin batera, jendaurrean. Hor gaude izena du lanak, eta Nerea Ibarzabalena da letra. Musika ekoizpena Jimbo Paezena da.
Bideoa, aldiz, Mikel Cubillok eta Asier Elgezuak zuzendu dute eta Imanol Laisne Errotabehere da antzezlea, musika taldeko kideez lagunduta.
Urtero bezala, aurten ere milaka lagun elkartuko dira maiatzean Senpereko lakuaren bueltan. Bertan bilduko duten dirua Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola berria eraikitzeko izango dela azaldu dute antolatzaileek.