Hitz egin dezagun erretiroaz: politikak, baliabideak eta esperientziak. Izenburu horrekin aurkeztu du Arbil Elkarte Sozialak biharko antolatu duen mahai-ingurua. Kultur Elkartean egingo da solasaldia, 10:00etan, eta herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia, landuko dituzten gaiak "oso interesgarriak" direla nabarmenduta.
Joxean Egañak egingo ditu moderatzaile lanak mahai-inguruan eta Deban aski ezagunak diren Eduardo Garciak eta Pako Salegik hartuko dute hitza bertan. Hasiera batean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren parte-hartzea ere iragarri zuten, baina azkenean hura ez da bertan izango. "Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian egonda, ezin duela parte hartu esan diote, bere alderdiaren propaganda egiten ari dela uler zitekeelako", argitu dute. Nolanahi ere, deialdia mantendu dute antolatzaileek, gainontzeko bi solaskideen "balio pertsonala eta profesionala" azpimarratuta.
Arbil Elkarte Sozialetik aurreratu dutenez, Garciak hainbat gai izango ditu hizpide, hala nola "pentsioak (egungo pentsioak eta etorkizunerako aurreikuspenak, jaiotza-tasa baxua eta bizi-itxaropena handitzearen ondorioz), pentsioei ere eragiten dien soldata-arrakala, pentsiodunek DSBE (diru sarrerak bermatzeko errenta) kobratzeko duten aukera edo Nagusien Kontseilua..." . Salegi, berriz, bere esperientzia pertsonaletik abiatuko da eta, besteak beste, erretiroa hartzean sortzen diren aukerez eta arazoez mintzatuko da, baita osasun fisikoaz, mentalaz eta sozialaz ere. Boluntariotzaren garrantzia azpimarratzeaz gain, honako galderari tiraka ere ariko da hizlaria: "Pertsona bakoitza bere mundua da, nola kudeatu denbora librea eta zertarako erabili?".