Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro eta, zuzendariak berak laburbildu duenez, "euskararen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badaudela erakusteko pelikula bat da”. Hala dio sinopsiak: "Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna".
Filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailean eta, ondoren, herriz herriko bideari ekin zion urtarrilean. Oraingo honetan, martxoan, Deban egin du geldialdia, Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan. Joan den astean, hilaren 7an, Mendatako DBHko ikasleentzako proiektatu zuten, eta bihar nahiz martxoaren 17an gainontzeko herritar guztiek izango dute filma ikusteko aukera.
Kultur Elkartean izango da biharko proiekzioa, 18:00etan, euskarazko azpitituluekin. Behin filma ikusitakoan, gainera, Izaskun Urkijo arte zuzendariarekin solasaldia egingo da. Eta igandean leku berean izango da bigarren emanaldia, baina ordubete beranduago (19:00etan), eta gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera doakoa izango da.