Manoli Iciarrek etxekoez eta gertuko lagunez inguratuta ospatu zuen urtebetetze biribila hilaren 7an. Eguerdi partean, gainera, omenaldi xumea egin zioten Eguneko Zentroan eta lore-sorta ere jaso zuen debarrak, txistulariek girotutako ekitaldian. Senideak eta txistulariak ez ezik, bertan izan ziren, besteak beste, Alazne Txurruka alkatea, Isidro Aristi eta Gilen Garcia zinegotziak, Arbil Elkarte Sozialeko kideak eta Nagusilanekoak ere.
Udal iturriek azaldu dutenez, Deban jaio bazen ere, Eibarren igaro zuen bolada bat Manoli Iciarrek, tailer batean lan egiten eta ilobak zaintzen. Bere ibilbide profesionala Plasticas Reiner-en garatu zuen, eta bertan hartu zuen erretiroa gero, "urte askotako dedikazioaren ondoren". Familia ugaria izan du, hamaika anai-arrebez osatutakoa, eta Manolo nebarekin eta Arantxa koinatarekin batera bizi izan da 62 urtez.