Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideek Korrikaren lekukoa eramateko aukera izango dute

Berriketan 2024ko mar. 7a, 10:02

Martxoaren 20an helduko da Korrika Debara eta Zuhatza elkarteak bazkideei eman nahi die euskararen aldeko lekukoa eramateko aukera. Zozketa egingo du izena ematen dutenen artean.

23. Korrika hilaren 20an (asteazkenean) iritsiko da Debara; Mendarotik sartuko da gure udalerrira, 13:28an, eta zazpi kilometroko ibilbidea egin ondoren, 14:11 inguruan hartuko du Mutrikurako bidea. Edizio honetan ere ekimenaren aldeko ekarpena egin nahian, Zuhatzak kilometroa erosi du, lekukoa eramateko tarte bat erreserbatuz. Eta, beste behin ere, zuhatzakideei eman nahi die Korrikaren lekukoa elkartearen izenean eramateko aukera (bi lagunen artean eramango dute).

Euskara elkarteak 13:55 inguruan hartuko du lekukoa, herrigunean bertan; KZgunetik Lersundi kalearen hasierara arteko (Trekuko pibotera arteko) tartea egokitu zaio eta 50 bat metroan eramango du lekukoa. 

Aipatutako egun eta orduan elkartearen izenean korrika egiteko gogoz eta prest dauden bazkideek mezua bidali beharko dute martxoaren 14a baino lehen (11:00etarako) zuhatza2@gmail.com helbidera. Bestela, zuzenean deitu dezakete 943 19 13 83 telefono zenbakira, edo mezua bidali 632 04 33 22 telefonora. Izena ematen duten zuhatzakideen artean egingo da zozketa hilaren 14an bertan, eta zuzenean jakinaraziko zaio irabazleari.