ERREPORTAJEA

Pala sasoi betean emakumezkoen artean

Berriketan 2024ko mar. 7a, 09:35

Pilota jokoan modalitate ezberdinak egon arren, pala indar handia hartzen ari da herrian emakumeen artean eta azken urteotako joera edo hazkunde hori gertutik bizi izan dute Debako Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubean. Taldea 2018an sortu zen, frontoietan emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko helburuarekin, eta orduz geroztik lan mardula egin du bide horretan. Pala da uneotan klubaren jardueraren ardatz nagusia eta bistan da hori hauspotzeko egiten duen ahalegina ez dela antzua. Horren adibide da abian jarritako azken ikastaroa ere; 30 emakume erakarri ditu, gazteak horietako asko.

Azkenaldian, badirudi inguruko eta Euskal Herriko hainbat herritan pala indarra hartzen ari dela emakumezkoen artean, eta Deban ere nabarmena izan da "loraldia" azken urteotan. Joera horren erakusgarri da Debako Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak urte berriarekin batera antolatu duen pala ikastaroari egin zaion harrera. "Sekulako arrakasta" izan du ekimenak, eta "pozik" azaldu dira antolatzaileak: "Erantzuna ezin hobea izan da, palarekiko zaletasuna partekatzen duten 12 urtetik gorako 30 emakumek eman baitute izena. Partaide gehienak Debakoak dira, baina Zumaiatik datozen lau jokalari ere baditugu tartean. Aldez aurretik antzeko lau bat ikastaro antolatu genituen eta, egia esan, arrakasta hau ez genuen inondik inora espero oraingo honetan".

Azaldu dutenez, azken txapelketan parte hartu zuten gazteek egindako eskaera aintzat hartuta antolatu dute ekimena, betiere pala sustatzen eta ezagutarazten jarraitzeko asmoz

Azaldu dutenez, azken txapelketan parte hartu zuten gazteek egindako eskaera aintzat hartuta antolatu dute ekimen berria, betiere pala sustatzen eta ezagutarazten jarraitzeko asmotan. "Palari gustu hartzea eta emakumeak frontoira gerturatzea da gure helburua. Sekulako poza eta aurrera egiteko gogoa ematen digu herriko jende gaztea palan jokatzera animatu dela ikusteak. Ahalegin berezia egin arren, ez da erraza izaten gazteek ere halako ekintzetan parte hartzea, eta, hortaz, oso pozik gaude deialdiak izan duen harrerarekin". 

Urtarrilaren 18an ekin zioten ikastaroari eta, askotariko ariketen eta jolasen bitartez, palan trebatzeko eta hainbat teknika ikasteko aukera izango dute bertan diharduten parte hartzaileek. "Jendea gogotsu ikusten dugu, ikasteko gogoz. Gehienentzat, hau da pala hartzen duten lehen aldia, baina beste batzuk, dozena erdi inguru, gure artean ibiltzen diren palistak dira. Lau hilabete eta erdian, pala ezkerreko eskuarekin eta eskuineko eskuarekin kontrolatzen ikasiko dugu, eta horretarako koordinazioan, kokapenean... ere lan egingo dugu. Teknika pixka bat menperatu arte, teniseko pilotarekin ibiliko gara, baina, aurrerago, nahi duten guztiek gomazko pilotarekin probatzeko aukera ere izango dute". 

Hainbat zailtasun
Hainbeste parte hartzaile izanda, ikastaroa aurrera eramateko zailtasunak edo oztopoak ere izan dituzte. Batetik, Aldats pilotalekuan ez dago leku nahikorik elkarrekin aldi berean entrenatzeko. Hori dela eta, taldea bitan banatu dute azkenean eta astean ordubeteko saio bat egin ordez, bitara zabaldu behar izan dute eskaintza. "Hasiera batean, astean saio bakarra egitea zen asmoa, baina, ikastaroan hainbeste emakume izanda, ezinezkoa zen guztiak ordu berean sartzea. Hortaz, taldea bitan banatzea erabaki dugu. Asteazkenetan aritzen da lehen taldea, 18:30etik 19:30era, eta ostegunetan bigarrena, 19:30etik 20:30era".

Bestetik, azaldu dutenez, ordutegia adostea ere ez da erraza izan, "aurreikusitakoa baino txikiagoa izan baita malgutasuna". "Oso zaila izan da frontoia erabiltzeko beste ordu bat hartzea. Talde osoa pilotalekuan ordu berean sartzea ezinezkoa zenez, udaletxera jo genuen beste ordu bat eskatzera, baina ez ziguten guk proposatutako aldaketa onartu. Azkenean, Euskal Jolas taldekoek utzi digute ordua, arazoa konpondu ahal izateko".

Irakasleak aurkitzeko ere zailtasunak izan dituztela aitortu dute, gainera, Iruleak taldeko kideek. "Egia esan, halako ikastaro bat antolatzeko orduan beti izaten ditugu zailtasunak arlo horretan; Federazioan ere galdetu izan dugu, baina inor ez dago jendeari erakusteko prest. Dena dela, argi genuen gazteen eskaerari erantzuna eman behar geniola eta arrazoi horregatik erabaki dugu ikastaroarekin aurrera egitea. Zuzendaritza taldeko Amaia Aizpuru azkoitiarrak eta Iratxe Astigarraga debarrak gidatzen dituzte pala saioak".