Atletico San Sebastian klubak antolatzen duen lasterketa ezagunaren harrera handituz doa urtez urte, eta aurten ere datuek gorantz egin dutela jakitera eman dute. Antolakuntzak emandako datuen arabera, orotara 6.200 emakumek parte hartu zuten igandean (martxoak 3) Donostiako kaleetan zehar egin zen 34. Lilatoian.
Aurten ere asko eta asko izan dira Euskal Herriko herrietatik Lilatoira joan diren taldeak. Ohi bezala, hiru talde jendetsuenek saria jaso zuten. Sari nagusia Ordiziako Jakintza ikastolak eraman zuen; 180 emakume atera ziren lasterka Ordiziako taldean. Debako eta Itziarko 119 korrikalari bilduta, berriz, Debako Gaztelekuaren izenean aurkeztu den taldeak eskuratu zuen bigarren talde jendetsuenaren saria. Ondarroako Etxelila Aringaingan taldeko kideek ere ez zuten hutsik egin urteroko hitzordura; 108 korrikalarirekin hirugarren talde handienaren saria lortu zuten.
5 kilometroko probaren amaieran banatu zizkieten irabazleei garaikurrak eta, Gaztelekuko arduradunek azaldu dutenez, "emozioz beteta" jaso zuten Donostiako udaletxeko terrazako oholtzan emandako saria. "Garaikur moduko bat jaso genuen, baina herri txiki batean hainbeste emakumek parte hartu izanak mila buelta ematen dizkio jasotako sari horri. Normala da biztanle gehiago dituzten hiri edo herri handietan talde handiak sortzea; horregatik da berezia sari hau, proportzioan suposatzen duen horregatik guztiagatik".
Taldeen arteko lehia polita
Azpimarratu dutenez, saria jasotzea "pozgarria" izan da. "Bagenekien herritar askok gurekin eman zutela izena, eta hori poztekoa da. Emaitzarekin gustura gaude, baina oraindik ere bada lotsa, alferkeria edota bestelakoengatik talde moduan izena eman ez duen jendea. Eta horiei guztiei transmititu nahiko genieke denon artean sortutako talde giroa oso polita izan zela".
Barre artean, gaineratu dutenez, ia bigarren saria lortzeak bezainbesteko ilusioa egin die ondarrutarren aurretik sailkatu izanak. "Beste urte batzuetan ondarrutarrekin lehian ibili gara talde handiagoak edo txikiagoak zirela eta ez zirela. Aurten irabazi egin diegu, eta onartu beharra dago disfrutatu egin dugula".
Gaztelekuaren izenean parte hartu duen taldeak 119 emakume batu baditu ere, proban parte hartu duten herritarrak askoz gehiago izan direla esan dute. "Gurekin izena eman ez zuten beste hainbat emakume debar ere bazeuden Lilatoian. Hau da, taldean izatez 119 batu baginen ere, gehiago joan ginen".
Gaineratu dutenez, adin ezberdineko emakumeak izan dira taldean. "Berez, lasterketa 14 urtetik gorakoentzat da, baina adinez mugarik gabekoa. Aurten, herri mailan joan garenez, adin ezberdineko jendea (14-65 urte bitartekoak) elkartu gara elkarrekin lasterketan".
Oztopoak
Proban parte hartzeko orduan oztopoak izan dituztela ere azaldu dute. Izan ere, guztiak ez ziren garraiobide berean batera joan Donostiara. "Gure eskaintza zabaldu genuenean guztiok autobus pribatu batean joatea zen helburua. Baina, izena eman dutenen kopurua ikusita, Gaztelekuak ezin izan zuen bere gain hartu gastua eta, eskatu genuen arren, ez genuen bestelako laguntza edo erraztasunik jaso. Hori dela eta, gure ardurapean zeuden 50 gazterekin trenez joan ginen; 07:30ean atera ginen Debatik, hori baitzen aukera bakarra. Gainerako parte hartzaileak autobusetan edo auto pribatuetan joan ziren".
Donostiako proba ezagunean parte hartzeko entrenamendu saioak egiteko asmoa baldin bazuten ere, azkenean ez dutela halakorik antolatu esan dute. "Guztia kudeatzea astuna egin zaigu, eta ezin izan dugu entrenamendurik antolatu".
Datorren urtera begira, talde handi bat sortu eta aurtengo esperientzia errepikatzeko asmoa azaldu dute, baina horretarako laguntza jasotzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. "Horrelako talde handi baten izen-ematea, informazioa, eskariak... kudeatzeak lan handia dakar, eta eskertuko genuke hurrengo urtera begira laguntza izango bagenu; laguntza, batez ere, lana edo erraztasun materialak jasotzeko orduan izatea gustatuko litzaiguke. Esperientzia ederra izan da eta gustatuko litzaiguke hurrengoan herriko gazteak antolakuntzan parte hartzea eta prozesu honetan murgiltzea. Beraz, prest eta gogotsu gaude datorren urterako".